UKML. Bidaiariak bidean galdu zirenekoa

Aimar Gutierrez Bidarte 2015ko ira. 8a, 15:46

Ezjakintasun osoz esnatzen gara egunero. Zer berri ekarriko digu egunsentiak? Noiz, non eta nola oheratuko gara iluntzean? 24 ordu izango al ditu gaurkoak? 10 ordu? 36?

Goizeko 11:00etan, erresidentziako logelatik bota gaituztenetik nora ezean gabiltza Prahatik. Kaleak gora, kaleak behera. Metroko eskaileretan bazkaldu eta parke batean siesta bota. Kaleak gora berriz. Gaztelura igo, gaztelutik jaitsi eta tren geltokira heldu gara. Gau partean Krakoviara goaz.

Treneko konpartimentu guztiak beteta daude. Gaztez beteta. Denak zalapartaka. Etsipenez gabiltza leku libre bila. Bagoi bat igaro, gero beste bat. Hirugarren bagoira pasa garenean hutsik aurkitu ditugu konpartimentu guztiak. Hemen ez dago gazte bidaiarien zalapartarik eta dirudienez eserlekuak ez daude erreserbatuta. Inork ez gaitu molestatuko. Binaka sartu gara konpartimentuetan eta eroso etzan gara, loak Poloniaraino eramango gaituelakoan.

Burrunbadaz, konpartimentuko atea zabaldu egin da. Ni oraindik ez naiz lokartzera heldu. Aterantz begiratu eta emakume bat aurkitu dut zutik, bere atzean polizia bat. Emakumeak billeteak eskatu dizkigu. Erreserba ez genuela ikustean haserretu egin zaigu. Aitzakiak jarri dizkiogu: "ez genekien gehiago ordaindu behar zenik" (bagenekien, baina ez genuen ordaindutakoa baino gehiago ordaintzeko asmorik). Gezurra igarri digu. Eztabaida erdian, Krakoviara goazela bota diogu. Andrak harriduraz begiratu gaitu: "Tren hau Eslovakiara doa".

Eslovakiara? Hori ezinezkoa da! Konpartimentutik atera gara emakumea eta polizia saihestuz lagunak esnatzeko. Anabasa. Pasillo erdian gaude seiak, ortozik eta nekeak kolpatutako aurpegiekin. Poliziak ez daki ingelesez eta interbentorea ez da oso ondo moldatzen. Azalpenen bat behar dugu, gure planak deuseztatzear daude momentu batetik bestera eta beldurra diogu horri. Patata frijituak eta garagardo latak saltzen dituen gazte argal dardarati bat jarri zaigu itzultzaile lanak egiten. Azaldu digutenaren arabera trena Bohumin izeneko Txekiar Errepublikako tren geltoki batean banatu eta bagoi batzuk Krakoviara bidaltzen dituzte eta gainontzekoak Eslovakiara.

Bide batez zein da Eslovakiako hiriburua? Berdin dio, ez goaz bertara.

Hasierako beldurrak zirrara eta ilusio bilakatu dira; nora goazen ez jakiteak gure abentura grina piztu du. Itzultzaile lanetan izan dugun gazte saltzaileari negozioa eginez heldu gara Bohumin delako herrira. Goizeko 3:00rak dira. Euria ari du geltoki ezezagunean. Trena ordu betez egongo da hemen geldirik. Eman dizkiguten azalpenen arabera geltokiko bulegoetan Krakoviara billeteak erosi eta leporaino beteta dagoen treneko pasilloan lau ordu itogarri igaro beharko ditugu. Ez, gure hautua argia da, ez goaz gehiago ordaintzera, are gutxiago zutik bidaiatzeko bada. Abentura nahia bizirik jarraitzen du gure baitan baina nekea nagusituz doa. Halakoan Varsoviara doan tren bat ikusi dugu, bertara igo gara desesperatuta. Tren honetan ere ez dago guretzako lekurik. Nasara jaitsi gara berriro; Prahatik ekarri gaituen trena banatu egin dute dagoeneko eta ekin dio berriz bidaiari. Leher eginda gaude.

Eslovakiako hiriburua Bratislava da, horrela erakutsi digute igotzea debekatu diguten trenean eta guk ondo ikasi dugu.

Euriak ez du atsedenik. Hara non, patua, kasualitatea edo dena delakoa medio Bratislavara doan tren zahar bat topatu dugu, eserleku libreak dauzka  eta ez dugu billetea erosi beharrik.  Nasako hotz deserosotik ihes tren horretara igo gara . Berdin zaigu nora goazen, berdin zaigu zer topatuko dugun; hiru orduz bada ere nonbaitera goazela sentitu nahi dugu, bidaiak aurrera jarraitzen duela. Eslovakiara goaz.

Goizeko 7:00etan muga gurutzatu eta Eslovakiako lehenengo herrian gosaldu dugu. Bigarren tren batek hiribururaino eramango gaitu.

Bratislava, hiri txikia dirudi. Paseoak erdialdeko merkatu bateko terrazaraino eraman gaitu eta batean eseri gara. Zer egin erabakitzea da orain garrantzitsuena. Elkarri begiratu diogu, Krakovian egotea gustatuko litzaiguke denoi, ez 400 kilometrotara dagoen beste hiri  ezezagun honetan. Poloniara heltzeko modu bakarra ordea trenagatik dirutza ordaintzea da; inoiz ere ez!. Burugogor gabiltzala pentsa dezake jendeak, baina ez goaz inondik inora tren billete bat ordaintzera; 300 euro utzi ditugu dagoeneko Europa zeharkatzeko tren pase batean, nahikoa.

Isiltasuna apurtuz garagardo kaña bat altxatu da airera: "400 kilometro? Goazen auto-stop eginez!" Bai ba, abenturak jarrai dezala! Mapek estali dute tabernako mahaia. Atzamarrek behin eta berriz seinalatzen dituzte Eslovakia eta Poloniako hiriak elkartzen dituzten trenbideak. Hiriak kokatu, distantziak neurtu, ordutegiak begiratu... 13:00etan tren bat abiatzen da Ostrava hirira (Txekiar Errepublika) bertatik 200 kilometro egin beharko ditugu "soilik" auto-stopean eta ez dugu trenagatik gehiago ordaindu beharko.  Ideia ona dirudi.

Bratislava arineketan ikusi dugu. Ez da hasieran pentsatutakoa bezain itsusia. Alde zaharrak badauka bere xarma eta Danubio ibaia Budapesten bezain ikusgarria ez den arren merezi du hura bisitatzea, baina bizi behar dugun abenturak  arreta eta pentsamendu guztiak xurgatzen dizkigu.

13:00tan hartu dugun trenak, Breclav herrian utzi gaitu, Txekiar Errrepublikan berriz ere. Ordu erdiko eskala eta martxan gara.  Ostravara garamatzan trenean leku bila gabiltza. Burua konpartimentu batean sartu eta bertan dagoen bidaiari bakarrak treneko arduradunei hasi zaie oihuka: "Ez dute billeterik!". Falta zitzaiguna... Trena konpainia pribatu batena dela eta hurrengo geltokian jaitsi behar gara. Ez dugu inoiz asmatzen!

Olomuc; horrela deitzen patuak abandonaturik utzi gaituen geltokia. 20:00ak dira. Hemendik 250 kilometro ditugu Krakoviara, gauzak ondo badoaz, noski. Iluntzen hasia da, ez dira kotxe ezezagunenetara igotzeko ordurik xamurrenak.

 Binaka banatu gara kotxeak gelditzea errazagoa izan dakigun. Besarkada kolektibo bat eman diogu elkarri. Brometan elkar ikusiko dugun azken aldia dela esaten dugu; brometan bai, baina, ba al dakigu noiz elkartuko garen berriro? Batzuk beste batzuk baino argiago ikusten dute plana, ala ere ez dago atzera bueltarik. Krakoviako tren geltokian geratu gara, biharko eguerditik hasita ordu bikoiti guztietan (eguerdiko hamabiak, ordu-biak, laurak...). Nire buruari galdetu diot: Zer da bihar eta zer gaur? Gaurko eguna 33 orduz luzatu zaigu dagoeneko, urteak pasa direla dirudi Prahatik atera garenetik eta mendeak askenekoz ondo lo egin genuenetik. Bidaiarion bizitzan atsedenik ez dago ordea; noiz, non eta nola oheratuko garen jakin gabe atera gara errepidera. Krakoviara goaz? Auskalo. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide