UKML. Praha, 11:10 a.m.

Aimar Gutierrez Bidarte 2015ko abu. 24a, 16:45

2:50am markatzen dute Berlin Hauptbahnhof geltoki erraldoiko erlojuek. Ordu horretan hasi dira gure sakeleko telefonoen alarmak oihuka. Bi orduz egin dugu lo soilik, lo zakuak jaso eta minutu gutxi barru Prahara eramango gaituen trenera igo gara. Berlin atzean utzi eta Europa guztia daukagu orain aurretik.

Trena jendez lepo doa. Kostata, leku bakan batzuk aurkitu ditugu, bertan eseri eta  segituan lokartu gara. Gutxi iraun dute gure ametsek. Dresden hirira heldu garenerako  gure eserlekuen gaineko eskubidea aldarrikatuz etorri zaigu bidaiari talde bat, eurek erreserba ordaindu izana argudiatzen dute. Guk ez dugu erreserba ordaindu, asmorik ere ez. Marmarrean lurrean etzan gara lo zaku eta guzti. Inguruko bidaiariak deseroso dirudite gu bezalako alproja batzuekin bagoia konpartitu beharragatik.

9:30tan heldu gara Prahara. Eguzkiak gogoz jotzen du. Ezagunak ditugu hirian, Laudiotik duela hilabete batzuk lan bila Txekiar Errepublikara etorri ziren bi gazte. Mustek plazara abiatu gara, Praha ez da oso hiri handia, dena dago gertu. Bidetik euro apur batzuk Korona bihurtu ditugu, ez da mugimendurik igartzen kalean.

Hiriko erdigunean topatu dugu Ander, goizeko 10:00etatik dabil turistei "free tour-ak" eskaintzen. Denbora luzea generaman bera ikusi gabe, besarkadak eta Berlineko anekdotak elkarbanatu ostean Prahan kokatu gaitu. Non lo egin eta arratsalderako plana lotu dizkigu segundo batean.

Arratsaldean Prahako tabernak ezagutuko ditugu, baina orain jan, lo eta trasteak gordetzeko leku bila goaz. Anderek bere erresidentziara bidali gaitu, hiriaren kanpoaldean dago kokatuta, Prahako erdialdetik 25 minututara, metroz eta autobusez egin beharreko bidaian. Erresidentzia futbol estadio zahar baten ondoan dago. Hormigoizko hamaika bloke erraldoi dira, bertan hartu zuten ostatua 1968an Prahako udaberria eteteko mobilizatu ziren Varsoviako ituneko tropek. Kutsu militarra darie eraikin zaharkituei, bai; korridore zabal luzeak eta ate metaliko astunek gordetako logelak. Logelak baino, ziegak. Ala ere, zintzoa izanda, interrailean topatu dugun lo egiteko lekurik atseginenetakoa izango da.

Laugarren blokera bidali gaituzte. Jonen laguntzarekin lortu dugu logela, bera ere Laudiotik Prahara alde egin zuen lan bila, azken aldian, ordea, ez du zorte handirik izan. Lau pertsonen prezioan seik egingo dugu lo. Harrerako emakumea marmarka hasi zaigu. Eraikinaren sotoan dugu logela, ez da beste inor ikusten inguruan; bakarrik gaude. Aspaldiko partez bazkari bero bat sartu dugu sabelera eta arratsaldeak ekarriko dizkigunak itxaron bitartean, siesta.

15:45etan esnatu gara. Prahako "The Pub" tabernara goaz, diotenez, munduko garagardorik onena dastatzera. 16:00-18:00pm bitartean prezio erdian dago garagardoa, ura baino merkeagoa. Ez digute gezurrik esan, inoiz dastatu dugun garagardorik goxoena da. Prahako biztanleen algarek eta oihuak. 100 Korona gutxiago karteran eta alkoholak piztutakoak soinean atera gara taberna zulotik. Goazen hiria ezagutzera.

Iluntzen ari da. Zerua kolore gorriz jantzi da. Argi-itzalek irudi ikusgarriak eratzen dituzte Prahako eraikin klasikoetan, Kafkaren ipuin baten barruan egotea bezalako da. Paseoak erloju astronomikotik, Moldava ibaia zeharkatzen duen Carlos zubira eraman gaitu. Marrazkilariak, musikariak eta iruzurtiak. Ibaiaren beste aldean Prahako gaztelua altxatzen da, bere oinetan diren kaleetan marrazkilariak, musikariak eta iruzurtiak. Giro magikoa dario Txekiar Errepublikako hiriburuari

21:00tan Anderekin geratu gara, lanetik atera berri da eta beste taberna bat ezagutzera eramango gaitu kontzertu bat ikustera. Tabernara sartzeko eskailera batzuk jaitsi ditugu eta pasabide estu batera heldu gara. Pasabideak ezkerrera jo du, gero eskumara. Sofa batzuk izkina batean, futbolinak batean. Horma zuriak eta argi leuna. Labirintoan aurrera tabernako barra aurkitu dugu. Aurrera eginda eszenatoki batekin egin dugu topo, eskailera metaliko batzuek palko moduko batera eraman gaituzte, sofa gorri batean etzan eta arratsaldean kale erdian jotzen ikusi dugun gitarrista taularatu da, perkusionista bat du ondoan. Gitarra laztantzen hasi eta ordu t'erdiz soinu psikodelikoz estali du taberna klaustrofobikoa. 23:00ak aldera atera gara bertatik.

Orduak aurrera doaz, gu, Prahako gauean gero eta gehiago murgiltzen goaz. Gitarra eta bateria soinuak musika elektronikoari egin dio lekua; labirintoa zirudien taberna hormak traste mekaniko zaharrez estalita dituen diskoteka txiki bihurtu da.

Egunak gaua garaitu du. Goiz esnatzen da eguna Europa erdialdean. 5:00am eta eguzki izpiak gure aurpegia laztantzen dabiltza dagoeneko. Etxera bueltatzeko garaia. Metroan bidai luze bat egin ostean goizeko 6.30tan ailegatu gara erresidentziara. Duela 47 urte Varsoviako ituneko soldaduak etzan ziren ohean etzan gara, ea behingoagatik ondo deskantsatzen dugun.

11:00am markatzen du erlojuak eta kolpeak entzuten dira atearen beste aldean. Gelatik bota behar gaituzte "Check-out" delakoa 10:00etan omen zen. Motxila ziztu bizian egin, muturra ala nola garbitu eta logela garbitu behar duen langilearen mesfidantza begiradapean ihes egin dugu handik.

11:10am, zuhaitz baten itzala bilatu eta kafe prefabrikatua edanda esnatu gara. Sargoria dakar gaurko egunak. 26 ordu Prahan luzerako eman dute eta oraindik beste hamar geratzen zaizkigu hurrengo trena hartu arte. Berlinetik atera garenetik ez dugu atseden duinik hartu eta oraindik ez dakigun arren hurrengo egunek ez digute atseden hartzeko aukerarik emango. Interrailak martxa hartu du eta ezin orain gelditu. Adorea hartu eta autobusera igo gara, Praha ez dugu oraindik guztiz zukutu. Egin dezagun oihu ozenago!

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide