UKML. Berlin: La rage du peuple

Aimar Gutierrez Bidarte 2015ko abu. 9a, 18:05

Lagun batek esan zidan behin, Berlin ez dela norberak aurkitu dezakeen hiri bat, Berlinek aurkitzen zaituela zu. Egia.

Hiru egun daramatzagu Alemaniako hiriburuan eta oraindik ez dut ametsetan agertzen zaidan Berlinik ezagutu. Urte luzez miretsi izan dudan Berlin okupa, alternatibo eta subertsiboa. Berlinik  autentikoena.

Azken eguna dugu gaur Berlinen. Egun "arrunt" bat izango delakoaren ezjakintasunaz esnatu gara. Goizeko 11:00etan hustu behar dugu ostatu nazkagarri honetako logela nazkagarria. Prahara goaz eta trena goizaldeko 3:00retan daukagu; egun oso bat aurretik hiri honetaz azkenekoz gozatzeko. ea probetxuzko atertzen zaigun,

Berlineko harresian aurrera eginda, "East Side Gallery" famatuko muralak jarraituz Friedrichshain auzora ekarri gaitu patuak, goseak edo kasualitateak. Kale ertzean eserita bazkaldu eta inguruan ugariak diren taberna eta klub alternatiboak arakatzen hasi gara. "Atrezzo" hutsa baino ez; hau ez da nire Berlin, hauek ez dira mural eta kartel probokatzaileez jositako etxe okupak. Denbora agortuz doa eta hiri honek oraindik ez dizkit barrenak guztiz asaldatu.

Frustrazioari ateak ixten jarraitzeko hautua egin dut momentuz. Motxilatik Euskal Presoen etxeratzearen aldeko pegatina bat atera eta lekua markatzen hasi naizenean mutil gazte bat etorri zaigu atzetik. Segituan identifikatu gaitu: "Euskaldunak zarete". Ezin ukatu, bekokian tatuatuta daramagun hori. Tipoa bertokoa da Ingeles oso finez hasi zaigu hizketan; handik gertu etxe okupa ugari dituen kale bat omen dago,  etxe okupatuen 25 urteurrena ospatzen hari dira eta gaur manifestazioa egin behar dute duela bi egun antolatuotako azoka alternatibo baten aurka jasandako karga polizialean atxilotutako 7 aktibisten askatasuna exijitzeko. Berarekin joatera gonbidatu gaitu, badaki euskaldunoi manifestazioak zenbat gustatzen zaizkigun.

Azkenean Berlinek aurkitu egin nau. Rigaer Straße da kalearen izena. Mugimendu autonomoaren azken gotorlekua, gure gidariak esan digunaren arabera. Hormak kartelez eta pintadaz estaliak daude, hauek bai, hauek autentikoak dira. Poliziaren furgoneta bat kale kantoi batean. Ingurura begiratuta, zalantzarik ez dut kalea estaltzen duten adokinen gainean altxatzen dena hau nire ametsetako Berlin dela.

Gure anfitrioiak zentro sozial okupatu batera ekarri gaitu. Korridore ilun bat igarota patio itxi batera atera gara. Barruan dokumental bat proiektatzen ari dira eta horren ostean su-itzalgailuak pinturaz nola bete azalduko duen tailer bat eskainiko dute; etxean sentitu gara berriro ere. Gazteak egin beharrak ditu baina kalean gora beste etxe okupatu batekin topo egingo dugula esan digu, bertatik hasiko da manifestazioa.

Bigarren eraikin okupatura gerturatu gara. Auzoko zaharrenetarikoa omen da. Fatxada goitik behera dauka margotua, erdian bi solairu hartzen dituen ukabil itxi erraldoi batek ematen du ongietorria. Neska batek azaldu digunez kale kontzertuak hasi behar dituzte minutu gutxiren buruan. Bertan fabrikatutako garagardoz hornitu eta giroaz gozatzera atera gara. Lehenengo musika taldea Kolonbiarra da eta hip-hopa egiten dute; bi emakume dira, Lucia Vargas eta Karen Tovar.

Eguzkia lagun, geroz eta jende gehiago gerturatuz doa. Jendea bakarrik ez, poliziak ere bertaratu dira jai girora. 78 polizi furgoneta eta tanketa bat zenbatu ditugu, badirudi inork ez duela Rigaer Straße-ko festa galdu nahi. Bafleetatik "A las Barricadas" ereserki anarkistaren ska bertsio aleman bat entzuten da; jendea dantzan dabil alai, lubakietan sartzeko prest. Gehienak beltzez jantzita doaz, "Black Block" famatua ikusteko aukerarik izango al dugu gaur? Guk ezin ditugu gure turista plantak inon ezkutatu: txankletak, motxila eta tirantedun kamiseta koloretsuak. Poliziaren aurretik korrika ibili behar bagara interesgarria izan daiteke argazkia.

Musika amaitu da eta orain bafleetatik emakume baten ahotsa entzuten da. Manifestazioko ekitaldia da. Jai giroa seriotasunez doa estaltzen emeki. Manifestazio aurreko hitz-hartzeak bertan bildutako ehunka eta ehunka gazteak motibatu egin ditu eta kapitalismoa eta poliziaren kontrako oihuek hartu dute kalea. Ekitaldia amaituta musika entzuten da berriz bozgorailuetatik, Keny Arkanaren "La rage" abestia; herriaren gorrotoa, bihotza azeleratzeko kantarik egokiena.

Adrenalina barnean borborka, manifestariekin batera abiatu gara Rigaer kalean behera, Keny Arkanaren amorru eta borrokarako hitzak atzean utzita. Abiada bizian doa manifestazioa. Une batetik bestera inguruan dauden ehunka poliziekin liskarra egongo dela dirudi. Beste bi etxe okupen ondotik pasa gara, animoak entzuten dira teilatuetatik. Milaka aldarri nahasten dira airean hizkuntza oso desberdinetan; guk gutxi batzuk ulertzen ditugu baina nahikoa dugu gure birikak puztu eta oihuka hasteko:

"A-ANTI-ANTICAPITALISTA!"

Kale nagusi batera heldu gara, urrutian hiriko ikur den telebista dorrea ikusten da. "Antidistubioek" halako batean kalearen bi aldeak moztu eta manifestazioa harrapatuta utzi dute. Manifestari ugari korrika ihes egiten ahalegindu dira, poliziak gutxi batzuk harrapatu ditu. Bat batean suziri bat, gure paretik pasa da ziztu bizian eta polizen gainean lehertu da txinparta berdeak edonora zabalduz. Ez da erantzunik egon eta giroa baretuz doa. Turista galduen plantak eginez polizia-lerroa gainditu eta Riger Straße-ko etxeetara itzuli gara. Manifestaziotik bueltan den jendeak kaleak hartu ditu berriro. Jai giroa da nagusi eta etxe okupatuen aldeko ospakizunek aurrera jarraitzen dute polizia patruilen begirada zorrotzaren azpian.

Guk alde egin beharra daukagu, Prahara eramango gaituen trenak laster abiatuko da. Bidaiak aurrera egin behar du baina gauza bat argi daukat nire buruan: Berlin atzean utziko badugu ere ezingo dugula inoiz bertatik ihes egin.

 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide