UKML. Berlin, ezin ihesi

Aimar Gutierrez Bidarte 2015ko abu. 5a, 14:41

Uztailaren 8a da eta heldu gara Berlinera. Atzean, goiz euritsua utzi dugu Laudion. Berlineko eguraldia ere ez da xamurra, hodeiak eta amesten genuen Europa erdialdeko sargoriaren arrastorik ez.

Tegel: aireportu arrunt bat. Lineako autobus arrunt bat (jende arraroz betea) eta Berlin erdialdera habiatu gara, ostatura heldu eta Alemaniako hiriburua ezagutzeko prest.

Ostatua noizbait tinko mantendu zen harresiaren ekialdean daukagu, oso ondo; "Alle der Kosmonauten 32A" helbidean, askoz hobeto.

Metroa, tranbia eta heldu gara. Alemaniako Errepublika Demokratikoko eraikin tipikoz gaude inguratuta, zementuzko bloke ikaragarriak etorbide are ikaragarriago batean. Ostatua ordea kutrea dirudi, "Berlin Hostel" jartzen duen pankarta erdi eskegi bat dauka atean eta kartoi zati batean, boligrafoz, idatzia helbidea; kartoi zatia karrozero zintaz dago postontziari helduta.

Harrera kutrea eta zikina da, baina, guk paso. Ezin gara logelara igo goizegi baikatoz; goizeko 10:00ak dira. Motxilak izara zikinez betetako gela txiki batean gorde eta hiria ezagutzera goaz. Bueltatuko gara arratsaldean "Berlin hostel-era" eta orduan liluratuko gaitu benetan, bien bitartean, turismoa.

Berlin zoragarria da. Bi hiri hiri bakar batean, bi munduren arteko muga urte luzez, ekialdea eta mendebaldea, munduko erdigune. Gaur, gerra hotzeko talka hura desagertu bada ere milaka mundu eta kultura gordetzen ditu bere baitan, talkaz betetako hiria izaten jarraitzen du Berlin.

Metroa hartu eta hirian gora eta behera hasi gara. Alexanderplatz dugu habiapuntu, munduan dastatu dugun garagardo txarrena edan eta sufritu ostean ekin diogu txoko ezberdinak ezagutzeari: Kreuzberg, Karl Marx alle, Karl Marx eta Engels-en estatua, Karl Marx str., erreka ondoko aberatsen jauregiak, RDAko bloke gehiago, Brandenburgoko atea, Reichstag, telebistaren dorrea...

Baina eraikinak ez dira Berlingo gauzarik ikusgarriena. Hormak eta pertsonak dira benetan liluragarriak. Graffitiak eta pegatinak edonon. Aldarriz betetako muralak. Punki eta trajedunen arteko elkar bizitza. Hizkuntza andana entzuten dira kaletik. DJ bat kale erdian jarri da musika "pintxatzera", nahasketa mahaia eta bafle zahar baten inguruan dantzan bi lagun, ez du besterik.  Ezin ihesi.

Egia da hasieran herri mugimenduak sortutako gune alternatibo asko harresiaren alde batean mantentzen zen munstroak irentsi eta negozio bilakatu dituela. Graffiti eta muralei aldarria kendu eta dirua ateratzeko apaingarri bilakatu dituzte. Underground etiketa eskegita duten diskoteka eta tabernak edonon. Ala ere, Gasteizen bezala, Berlinen ere, "todavia hay quien resiste", baina guk ez ditugu oraindik ezagutu.

Ostatura bueltatu gara, goizean nazka ematen zuen, arratsaldean ere bai. Logelara igo gara eta goiko pisuak askoz zikinago daudela ikusi dugu. Logelako zakarrontzia hilabeteak daramatza inork hustu gabe, zaborrak gainezka dario. Beste lau solairu ditugu gainetik, zein baino zein zikinagoa. Komuneko leiho guztiak harrika zulatuak izan dira eta komun-zulo gehienak ataskatuta daude. Sukaldea azken solairuan dago, hor goiko horri, sukaldea deitu ahal bazaio.

Pasilloetatik familiak ikusten dira. Jendetza, gehienak bertan bizi direla dirudi. Turista beldurturen bat ere ikusten da ate baten atzetik korridoreari so. Umeak ortozik, zikinkeri artean korrika. Beheko solairuan kartel batek honela zioen "Logela lanaren truke, galdetu harreran". Ulertu dugu, ostatuarentzat lan egiten dute lo egiteko leku baten truke, miserian eta ezer kobratu gabe, esklabo lanetan. Gehienak atzerritik etorriak dira. Atzeko lorategian lineako autobus zahar matxuratu bat dago, aluzinantea.

Italiar talde bat sartu zaigu logelan. Amsterdametik etorri dira. 24 euro kobratu diete gaua, beldurtuta eta nazkatuta dirudite. Guk ere beldurtu egiten ditugulakoan nago.

Ohera goaz, esklabistek gestionatutako esklaboz betetako gure ostatuan. Berlin talkaz jositako hiria da, eta talka hori da hiria erakargarri egiten duena, erakargarri eta beldurgarri.

Oraindik ez dakigun arren, bihar Berlin autentikoena ezagutuko dugu: kapitalismoaren kontrako lubakietan dagoen Berlin, ihes egiten utziko ez digun Berlin. Baina hori bihar izango da.

 

 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide