UKML. Kataluniako egunerokoa: Euskal Herriko errepresioa ulertzen

Txabi Alvarado Bañares 2015ko eka. 26a, 18:59

Goizeko zazpietan iritsi ginen atzo Bartzelonara, busez. Ostatuan maleta zabaldu eta siesta labur bat egin ostean, bi lagunekin geratu ginen La Rambla-n. Inguruko kaleetatik ibili ostean, Born auzora bertaratu ginen. Auzoko jaiak ziren, eta Can Vies eraikin okupatuaren deslojatzeari buruzko dokumental bat proiektatuko zen kalean. Gure lagunetako bat dokumentalaren egileetako baten ikaskidea izan zen. Zitara ezin huts egin, beraz.

Bertaratu ginenean, baina, konturatu ginen arratsalde-gau hura ez zela dokumentalaren proiekzio hutsera mugatuko. Mahainguru batekin hasi zen ekitaldia. Hainbat kidek hartu zuten hitza: Can Vies-en deslojatzearen ondorioz egondako protestetan atxilotutakoen senideek, 2012ko martxoaren 29ko Greba Orokorrean parte hartzeagatik kartzelara joateko mehatxupean dauden ikasleenak edota Mexikon desagertutako 43 ikasleen aldeko elkartasun taldeko kideak, besteak beste.

- Ez da honek guztiak zerbaiterako balioko duen – komentatzen zigun Ciutat Morta dokumentalean azaltzen den kasuagatik atxilotutako gazteetako baten amak, mahaingurua bukatu ostean. Greba Orokorrean parte hartzeagatik epaituak izango direnen aldeko sinadura bilketari egiten zion erreferentzia (mahainguruan zein proiekzioan temati aritu ziren bertaratutakoen zein begiratu bat ematera gelditzen zirenen sinadurak biltzen).

Pablo Gorostiaga eta Patxo Murga kartzelan zeudenean egin zen sinadura-bilketaren kasua aipatu genion: 3500 herritarren sinadurak bildu eta Eusko Jaurlaritzan aurkeztu ziren. Hala eta guztiz ere, ekimenak ez zuen balio izan bi preso politikoak kartzelatik lehenago ateratzeko.

- Baina bai balio izan zuen kasua jendarteratzeko eta bi presoei elkartasuna adierazteko – azaldu genion amari.

- Badakizue zer? – esan zigun berak – horrelako gauzak hemen gertatzeak asko lagundu digu Euskal Herrian bizi izan duzuen egoera hobeto ulertzen. Orain argi ikusten dugu dena fartsa bat dela.  

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide