Antonio Oyarzabal nazioarteko pianistak emango du hitzaldi musikatua La Milagrosa Ikastetxean abenduaren 22an 18:00etan. Emanaldiarekin abiatuko dute “Arratsaldeak La Milagrosan” ekimena. Iniziatiba irekia da herritar ororentzat eta zentroko ikasle ohien hitzalditan datza.
Egun, Londresen bizi da Oyarzabal, lanean eta prestakuntzan sakontzen. Hasiko duen ekimenaren bitartez ikastetxeko zenbait ikasle ohik ikastetxe-garaietako eta geroko bizipen eta oroitzapenen berri emango diete orain La Milagrosan dauden ikasleei, familiei eta bertaratu nahi duenari.
Ibilbide oparoa
Antolatzaileek gogoratu dute, nahiz eta gaztea izan, Antonio Oyarzabal 27 urteko musikariak hainbat aitorpen eskuratu duela:
“La Milagrosa eskolan bertan hasi zen, Sor Ceciliaren laguntzarekin, eta zenbait eskola famatutan egon da ikasle; besteak beste, Londreseko Guildhall School of Music and Drama eskolan (une honetan, bertan dago prestakuntzan, Artist Diploma izen handiko programan). Europar Batasuneko Gazte Orkestrako kidea da, eta, besteak beste, beste orkestra hauetan ere ibili da: Vienako Gustav Mahler Jugendorchester Orkestran eta EGO Euskal Herriko Gazte Orkestran. Solista moduan, hainbat emanaldi eman ditu Europako zenbait tokitan.
Musikari laudioarrak, gainera, zenbait sari jaso du; adibidez, 2013ko Eastbourne Young Musician Competition lehiaketan lortutakoa, edo 2008an Pariseko Ile de Franceko Nazioarteko Lehiaketan eman ziotena”.