“Kalean musika jotzen aritzea ez da latza Hego Amerikan, badago horretarako aukera”

Txabi Alvarado Bañares 2016ko abe. 13a, 14:14

JURGI IBARRETXE JIMENEZek (Laudio, 1975) urte ugari eman ditu Hego Amerikan barrena bidaiatzen, kalean musika joz. Bere bizipenei buruzko dokumentala aurkeztu du: “La vida es un viaje”.

Zure bidaiei buruzko dokumental bat aurkeztu berri duzu. Zer kontatzen du filmak?

JURGI IBARRETXE JIMENEZ (Laudio, 1975) urte ugari eman ditu Hego Amerikan barrena bidaiatzen, kalean musika joz. Bere bizipenei buruzko dokumentala aurkeztu du: “La vida es un viaje”.

Zure bidaiei buruzko dokumental bat aurkeztu berri duzu. Zer kontatzen du filmak?

2012an Kolonbiara nola iritsi nintzen kontatzen du dokumentalak. Hiru hilabete igarotzeko asmoz joan nintzen bertara, Londresen hamaika urte igaro eta gero. Esperientzia gogorra izan zen Londresekoa, asko ikasi nuen eta oso ondo pasatu nuen Radio Revolución musika proiektuarekin. Ibilbide gorabeheratsua izan zuen talde horrek, baina egin genituen gauza politak. Diskoa grabatu genuen, eta Italiatik bira bat egin genuen baita.

Baina ni neka-neka eginda nengoen, eta Bogotara joateko hegazkin txartel bat erosi nuen. Jende pilo ezagutu nuen bertan. Hego Amerikatik bidaiatzen zebiltzan gazte asko ezagutu nituen, kalean musika jotzeaz, artisautza egiteaz edo malabarista gisa aritzeaz bizi zirenak. Bizimodu hori izatera animatu nintzen. Bueltako bidaia galdu eta Ekuadorrerantz jo nuen, gazte horien moduan bizitzen.

[video:https://www.youtube.com/watch?v=SzLsl0MdRLM]

Nolakoa da bizimodu hori?

Herrialdearen eta lekuaren araberakoa da hori. Perun eta Ekuadorren leku turistiko asko daude, lan gutxi eginda diru asko lortzeko parada ematen dizutenak. Hiri handietan, berriz, alderantziz gertatzen da: lan pilo egin behar duzu diru gutxi jasotzeko, eta ostatuak garestiagoak dira.

Baina kalean musika jotzen aritzea ez da bizimodu latza Hego Amerikan, badago horretarako aukera.

 

“Orain dela sei urte Bartzelonan egon nintzen, eta bertako poliziak bi gitarra kendu zizkidan kalean jotzen aritzeagatik”

 

Hiri horretan jo ahal izateko lankide bat izan behar duzu polizia datorren behatzen egongo dena. Hego Amerikan ez. Bertan askatasun osoa dago kalean janaria saldu, musika jo edota antzerkia egiteko. Kalea denona da bertan, eta ez dago mugarik.

[video:https://www.youtube.com/watch?v=p0h7oS_oJJ4]

Nola grabatu zenuten dokumentala?

Txilen baditut lagun maputxe batzuk, eta denboraldi bat igaro nuen euren buruzagi batekin. Oso tipo azkar eta argia da, eta asko idazten du euren kulturari edota egitasmoei buruz. Berak bultzatu ninduen nire bizipenen inguruko liburu bat idaztera, eta horri ekin nion. Horretan nabil orain.

 

“Londresen zein Hego Amerikan izandako bizipenak bilduko ditut liburuan”

 

Baina dokumentalaren ideia hemen sortu zen, Laudion. Bidaietan grabatutako bideo ugari nituen, material pilo. Liburua bukatzeko denbora asko beharko dut, eta horregatik ideia ona iruditu zitzaidan bien-bitartean dokumentala plazaratzea, jendeari nire bidaien berri emateko. Herri indigenen borroken berri ematen du baita filmak, azaletik bada ere.

Liburua luzerako doa, beraz?

Bai. Idazten nabil oraindik. Koaderno bete apunte ekarri nuen Txiletik, eta hona iristerakoan bururatu zitzaidan Londresen igarotako urteen bizipenak ere jasotzea. Planteamendua moldatu beharra ekarri zuen horrek, eta koadernoan apuntatuak ez zeuden beste hainbat gauza ere hasi ziren agertzen tartean. Editore bati pasatu behar diot idatzitakoa, bide onetik noan ikusteko. Luzerako proiektua da, beraz.

Londresen ezagutu zenuen Hego Amerikako musika eta kultura.

Ni bertan egon nintzenean 750.000 hego-amerikar bizi ziren hirian, Brasil eta Kolonbiakoak bati bat. Komunitate oso handia dago. Kolonbiako neskalagun bat izan nuen garai batez, eta berari esker ezagutu nuen kultura horren gehiengoa, Kolonbiako kultura, janaria eta tabernak batez ere. Baina herrialde guztietako kideak baturik daude Londresen, eta beste kultura batzuetakoak ere ezagutzea ahalbidetu zidan horrek.

[video:https://www.youtube.com/watch?v=l0eq_uSG_Ck]

Bertan sortu zenuen Radio Revolución proiektu musikala.

Ordurako esperientzia nahiko nuen nik musika munduan: Lur punk taldearekin bost urte aritu nintzen jotzen. Bisitari gisa joan nintzen hasiera batean Londresera, baina bertara iristean musika jotzeko aukera sortu zitzaidan.

Etxe okupatu batean hasi ginen entseatzen. Demo bat atera genuen jarraian, eta hasi ziren kontzertuak ateratzen. Alemania zein Italiara joan ginen, eta jaialdi askotako oholtzetara igo ginen. Gauza pilo egin genituen. Ingalaterra, Kolonbia, Mexiko, Italia edota Venezuelako musikariak igaro ziren taldetik, jende aldaketa handia izan zuen proiektuak.

Orain proiektua martxan jarri duzu berriz.

Asmoa Londresen genuen bera da: Hego Amerikako doinuak jorratzea, hango eta hemengo musikariekin. Kolonbiako bi perkusionista daude orain taldean, Urduñako Txato trikitilariarekin eta Murgako baxu-jole batekin batera. Kutsu latinoa zuen Londreseko proiektuak, baina reggae, ska edota punk doinuekin nahastuta. Oraingo formatua askoz gehiago dago folk musikan oinarritua: cumbia asko jorratzen dugu, Uruguaiko candonbea, Argentinako iparraldeko chacarera, salsa erritmoak ere badaude...

 

“Bi aldiz egon gara aurtengo Durangoko Azokan, kalean jotzen. Laudion eta Bilboko 7Katu gaztetxean ere lotu ditugu kontzertuak”

 

14 abesti ditugu momentuz: lau bertsio eta hamar propio. Nik konposatutako abestietatik bi Londreseko taldearekin jotzen genituenak dira, eta beste zortziak Hego Amerikan nengoela sortutakoak. Abesti horiek guztiak grabatzen ari gara orain.

Kalean edo oholtza gainean jotzea, zer duzu nahiago?

Zaila da aukeratzea. Suposatzen da jende gehiagorengana iristen zarela oholtza baten gainean joz gero. Zentsu horretan, jendeari mezua transmititu eta kontzientzia pizteko baliagarriagoa da oholtza. Horrek garrantzi handia du niretzat, musikari gisa hori baita nik bilatzen dudana.

Baina musikaren mundua oso antolatua dago: kontratuak, alde batetik bestera ibili beharra... Hori dela eta, kalean jotzeak oso bestelako askatasun bat ematen dizu, askoz modu naturalagoan ematen dira gauzak. Baina jende gutxiagorengana iristen zara horrela, eta ez duzu horrenbesteko aukerarik zure mezua helarazteko. Kalean jotzen nuenean ez nuen mezu politikodun abestirik jotzen, bertsioak jotzen nituen gehienbat. Hego Amerikan nengoenean trenetan, kalean, jatetxeetan eta antzeko tokietan jotzen nuen. Amazonas Ibaian jo nuen behin, ontzi baten gainean.

Baduzu Hego Amerikara itzultzeko asmorik?

Bai, gogo asko ditut itzultzeko. Lagun asko ditut bertan, eta asko maite dut lur hori, Txileko hegoaldea bereziki. Wallmapu deitzen da zonalde hori, eta maputxeen lurraldea da. Asko ikasi nuen bertan, oso jende jator eta gogorra dago bertan. Bolivia eta Uruguai ere asko maite ditut.

Nire asmoa momentu honetan Radio Revolución proiektuarekin aritzea da. Diru pixka bat aurreztu nahi dut, taldearekin Hego Amerikara joan ahal izateko. Baina ez genuke Berri Txarrak bezalako taldeek egiten dituzten bira azkar horietako bat egingo.

 

“Argetinan autobus bat merke erostea izango litzateke asmoa, eta taldekideak bertan bidaiatzeko atontzea, 3-6 hilabete bitarteko tour bat egiteko kontinentean barrena”

 

Herrietan, indigenen komunitateetan zein aretoetan joko genuke.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide