Erdiguneko auzokide batzuek egindako salaketaren ondorioz Natxo Urkixok, Laudioko Alkateak, Amurrioko Epaitegian deklaratuko du. Auzia oraindik instrukzio prozesuan dago eta epaileak erabaki beharko du akusazioak oinarria duen edo ez.
Auzokideek administrazioaren prebarikazioa leporatzen diote udalari eta horregatik salatu dute bere ordezkari gorenena, alkatea. Gatazka duela urte batzuk sortu zen, oraingo udal taldea heldu baino lehen. Hala ere, erdiguneko auzokide horien aburuz kaltetuak izan dira erakundeak ez duelako zorrotz jokatu Pío XII kaleko merkatari batekin eta horregatik neurri legalak hartu dituzte.
Nahiz eta alkatearen deklarazioa bihar izan beharko litzatekeen, defentsak atzerapena eskatuko du, akusazioa ondo aztertzeko denbora nahiko ez baitu izan. Natxo Urkixok berak azaldu zuen egoera pasa den ostiralean, udal taldeak astero egin ohi duen prentsaurrekoan.