"Jendeak pentsa dezake arduraduna Iñigori tiro egin ziona dela, baina prozeduran ikusten ari gara ez dela bakarrik hori"

Aitor Aspuru Saez 2013ko api. 4a, 11:33

OIER AMORRORTU (Laudio, 1977) Iñigo Cabacasen lehengusua da. Urte bat beteko da laster Ertzaintzaren pilotakada batek Basauriko gaztea hil zuenetik. Urte honen inguruko balorazioa egin eta antolatutako ekimenen berri eman du.

Lehenik eta behin, nola daude familia eta lagunak?

OIER AMORRORTU (Laudio, 1977) Iñigo Cabacasen lehengusua da. Urte bat beteko da laster Ertzaintzaren pilotakada batek Basauriko gaztea hil zuenetik. Urte honen inguruko balorazioa egin du eta antolatutako ekimenen berri eman du.

Lehenik eta behin, nola daude familia eta lagunak?

Gaizki. Nahiz eta urte bat bete den, oraindik gaizki ez baita argitu nork egin zion tiro eta zergatik. Guk argi dugu zergatik egin zioten tiro, baina hainbat erakundek ez dute argitu, kontua astiro doa eta desinteresa dago, beraz gaizki. Gainera urte bat bete da eta dena gogoratzea gogorra da.

Zein da urte honi buruz egiten duzuen balorazioa?

Alderdi politikoen aldetik txarto. Argi dago zergatik oldartu ziren ertzainak eta alderdi eta politikoek hori estali eta atzean utzi nahi dute. Ez da inolako sostengurik egon famialiarentzako talde politikoen aldetik. Azkunak adibidez ez zuen parte hartu familiak antolatutako hainbat ekitalditan eta familiaren presioaren bitartez lortu zen zeozer mugitzea baina bai Azkuna zein talde politiko gehienen jarrera izan da hau ahaztea.

Familia desengainatua gaude talde politikoen aldetik. Herria eta jendearen aldetik, pozik. Lehenengo egunetan jaso genuen harrera beroagatik. Arduradunek erakutsitako jarreragatik etsituta.

Iñigoren familiak eskatzen duen gauza garrantzitsua da gertatutakoa ez errepikatzearen bermea. Zein da zuen iritzia hartutako neurrien inguruan?

Burua zuritzeko hitzak eta keinuak egin dira baina, hori besterik ez dira izan, keinuak. Aresek esan zuen, Barne Sailan zegoenean, pilotak kenduko zituela urte honetarako ez zirela erabiliko edo bakarrik erabiliko zituela Brigada Móvil-ak baina pasa den urtean hainbat adibide izan genituen non pilotak jende multzoen aurka erabili ziren. Greban pertsona bat zauritua izan zen pilota baten erruz.

Esandakoa ez da bete, pilotak ez dira kaletatik desagertu eta deigarria iruditzen zaigu Segurtasun Saileko titular berriak, Beltrán de Herediak, esan duena Iñigoren kasuaren harira. Berak adierazi du Barne Sailetik ezin dutela bermatu horrelako kasuren bat ez errepikatzea. Berak ezin badu hori ziurtatu... bera da arduraduna, pentsa ezazu zer nolako aurpegiarekin geratu ginen gu.

Guk eskatzen duguna da horrelakorik ez errepikatzea, pilotak kendu behar direla, ez dela bakarrik Iñigoren kasua, beste batzuek begiak edo gorputzaren beste atalak galdu baitituzte. Ertzaintzaren beste eredu bat nahi dugu. Jendearen aurka oldartzen ez dena eta beste metodo batzuk erabiltzen dituena. Berdin zaigu gomazko pilotak diren edo bestelakoak izan, kontua da ertzainak ezin direla oldartu ziren moduan oldartu. Aste honetan jakin izan dugu zer nolako motibazioa izan zuten oldartzeko garaian.

Aste honetan informazio berriak agertu dira, zeintzuk dira adierazgarrienak?

Ematen du Ertzaintzak egun horretan izan zituen barne komunikazioak azalaratu direla. Horietan agerian geratzen da heldu zen lehenengo patruilak esaten duela kalea ospakizunetan dagoen jendez beteta eta lasai dagoela. Nahiz eta patruilak hori adierazi, Deustuko Komisaldegiko arduradunak agintzen du Herriko Tabernan sartzea daukaten guztiarekin, hustea eta aukerarik egonez gero atxiloketak egitea.

Patruilak ziurtatzen badu dena jendez gainezka eta lasai dagoela eta agindua Herriko Tabernan sartzea, hustea, oldartzea eta atxilotzea bada, argi dago zein zen motibazioa. Ikusten da zein izan zen jarrera ez egun horretan bakarrik, azken urtetan, Euskal Herriko gizarte talde batekiko.

Eta epaiketa orokorrean, emaitzak eman ditu?

Epaiketa oraindik ez dago. Ikerketak daude. Epaiketara heltzeko asko falta da. Heltzen bagara. Lekuko asko daude, adierazpen ugari jaso behar dira, froga perizialak egiteke daude... Luzera joango da berez.

Eta luzera joko du fiskalaren jarerragatik. Hau ere salatu behar dugu. Hasieran bazegoen fiskal andere bat eta interesa jartzen zion bere lanari. Galderak egin eta frogak eskatzen zituen. Bi adierazpen saio ostean fiskala kendu zuten eta beste bat jarri zuten. Geroztik ez dira fiskalaren partetik galderarik egon, batzuetan ez da ezta agertu ere... Ikusten da fiskaltzak duen interesa. Teorian gure alde egin behar duena eta iniziatiba erakutsi behar duena ez da agertzen. Edo agertzen denean ez ditu galderak egiten.

Barne Sailatik, gauza asko esan dituzte, bost ertzain daudela hau ikertzen esan dute baina ez dugu inongo emaitzik ikusi. Egin duten gauza bakarra da lekukoak astindu dituztela. Hasieran presioak egon ziren lekuoekiko komisaldegian adierazpenak egin zezaten. Eta badakigu zer nolako baldintzetan ematen diren komisaldegian adierazpenak, haiek gidatzen saiatzen dira eta. Lekukoak astindu bai, baina bestelako emaitzak ez ditugu ikusi. Beraz, Barne Sailatik desinteresa nagusi.

Azken egun hauetan aipatu da Rodolfo Ares deitu dezaketela auzian parte hartzeko.

Azkenean bera atera zen atzeko atetik. Bazekien kasu honek bere pusia izango lukeela hauteskundetan eta bolada batean desagertu zen gai hau bere atzean ez egoteko eta arazoa kentzeko. Jendeak pentsa dezake arduraduna dela Iñigori tiro egin ziona. Baina prozeduran ikusten ari gara ez dela bakarrik hori. Arduradunek zerikusia dute eta are gehiago patruilak dena lasai zegoela esan zuela ikusita. Horrekin ez zuen harremanik gau horretako oldarra.

Bestalde, Ertzaintzak protokoloak ditu partidu eta egoera hauei aurre egiteko eta egun horretan ez zituzten. Gure abokatuak eskatu ditu gau horretarako protokoloak, jakiteko nork eramaten zuen eskopeta eta abar eta esan diote egun horretan ez zegoela. Orduan, hor badaude ardura gehiago eta horiek Aresengana heldu daitezke bera zelako arduradun nagusia eta berak ziurtatu behar zuelako protokolo horiek betetzen zirela. Posible da, beraz, bera ere inputatuta izatea, baina instrukzio fasea bukatzean jakingo dugu.

Urteurrena laster da eta ekimen batzuk antolatu dituzue.

Familiaren aldetik, ostiralean, apirilaren 5ean arratsaldeko 19:00tan egingo dugu omenaldia Indautxuko María Díaz de Haro kalean. Plaka jarriko dugu, lore eskaintza egingo da eta azken urteko gertakarien irakurketa egingo dugu balorazio txiki batekin.

Bestalde, hurrengo astean, Iñigoren heriotzaren harira sortu den talde batek, “Stop pelotas de goma”, hainbat ekitaldi antolatu ditu. Horien artean apirilaren 9an, asteartea, urte bat betetzen den egunean, Kafe Antzokian dokumentala proiektatuko da, horren ostean mahaingurua egingo da eta bukatzeko olerki emanaldia eta kontzertu akustikoa. Hurrengo egunetan hainbat eztabaida antolatu dituzte polizia eredua eztabaidatzeko eta azkenengo urteko jarrerak beste eredu batzuekin alderatuz. Kolektiboak edo beste alderdi batzuek proposatzen duten eredua ezagutzeko aukera izango da.

Bukatzeko, apirilaren 13an, larunbata, manifestazioa egingo da. Noski, animatzen dugu jende guztia jardunalditan parte hartu dezaten, interesgarriak izan daitezke eta.



LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide