Laudioko Udalak aurrekontuak onartu ditu

Aitor Aspuru Saez 2013ko mar. 27a, 12:35

Aurrekontuak onartu ziren atzoko Udal Osoko Bilkuran. Jende ugari hurbildu zen arratsaldean egindako udalbatza saiora, eta oro har, giroa normalean baino lasaiagoa izan zen. Alderdi politiko guztiek publikoki eskertu zuten Bilduk erakutsi duen elkarlanerako jarrera. Hala eta guztiz ere, PSEk baino ez zuen udal-gobernu taldearen aurrekontu proposamenaren alde bozkatu. Omniak eta Alderdi Popularrak aurka egin zuten, eta EAJ aldiz abstenitu egin zen.

Pasa den urtean baino diru gehiago 2013rako

Aurrekontuak onartu ziren atzoko Udal Osoko Bilkuran. Jende ugari hurbildu zen arratsaldean egindako udalbatza saiora, eta oro har, giroa normalean baino lasaiagoa izan zen. Alderdi politiko guztiek publikoki eskertu zuten Bilduk erakutsi duen elkarlanerako jarrera. Hala eta guztiz ere, PSEk baino ez zuen udal-gobernu taldearen aurrekontu proposamenaren alde bozkatu. Omniak eta Alderdi Popularrak aurka egin zuten, eta EAJ aldiz abstenitu egin zen.

Pasa den urtean baino diru gehiago 2013rako

Opor Fiskalen bitartez jaso duen diruari esker, Laudioko Udalak 23.966.564 euro kudeatuko ditu aurten, iazkoarekin alderatuz gero, %7,98ko igoera. Aurrekontu honen %85 baino gehiago langileak ordaintzera eta gastu arruntera bideratuko da. Kultur taldeei iazko partida berdina mantendu zaie eta enplegua sustatzeko programek eta ongizate arloko dirulaguntzek igoera nabaria izan dute.

Foru Planarako, hau da, Latiorrorako tunela eta inguruak berritzeko, 900.000 euro erabiliko dira aurten (guztira ia 2.000.000 euroko aurrekontua du proiektuak) eta auzo gehienek ere -Landaluze, Ugarte, erdigunea, Areta, Arraño, Gardea eta Santa Luzia- hobekuntzak izango dituzte. Inbertsio hauek egiterako orduan herritarrek urrian betetako lehentasunen inkestak hartu ditu Udalak oinarri.

Oposizioak bere iritzia eman zuen

Esan bezala, talde guztiek Bilduren jarrera eskertu zuten arren, gehienak ez ziren aurkeztutako aurrekontuarekin guztiz ados agertu. Omniak bere zuzenketa gehienak ez onartzea leporatu zion Bilduri. PP-ren argudioak ere antzekoak izan ziren eta talde biek adierazi zuten aurrekontuak lantzeko denbora tarte handiagoa eman behar zela eta ikuskatzaileak adierazitako eragozpenak hobeto jorratu behar zirela.

PSEk hasierako aurrekontu zirriborrotik onartu den horretara lortutako aldaketak azpimarratu zituen: helduentzako eta gazteentzako eskaintza kulturala handitzeko partida, hainbat obra... Era berean bi irizpide nabarmendu zituen udalbatza saioan; alde batetik diru sarrerak bilatu behar direla erakundeetan, eta bestetik ohiko gastuak -pertsonalgoa eta gastu arrunta- modu batean edo bestean murriztu beharra dagoela.

EAJren jarrera

Talde jeltzaleak behin eta berriro adierazi zuen bere borondatea arduraz jokatzea zela eta horregatik aurrekontuen onarpena ahalbidetuko zutela abstentzioaren bitartez, nahiz eta aurrekontuekin guztiz ados ez zeudela adierazi.

Zentzu batean, pozik azaldu ziren haiek proposatutako hainbat ideia jaso direlako: Arza eraikina hornitzeko partida, proiektu berriak eraikitzeko erredakzioak, Ellakuri eta San Martineko aldagelen obrak eta Ugarte Plazan berrikuntzak besteak beste. Era berean, azpimarratu zuten udal-gobernu taldeak ez dituela talde jeltzaleak egindako beste 5 proposamen kontuan hartu.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide