MARÍA JESÚS ARETXEDERRA (Gordexola, 1943) Solastiar elkartearen lehendakaria da. Urtarrilean sexualitatearen inguruko ikastaroa antolatu zuen elkarteak eta horri eta Solastiarren historiari buruz hitz egin du.
Nola bururatu zitzaizuen sexuaren inguruko jardunaldiak antolatzea?
Martxoaren 8an eta Emakumeen aurkako bortizkeriaren aurkako egunean ere zine-forumak antolatzen ditugu. "La vida empieza hoy" filma jarri genuen behin eta protagonista, naiz eta heldua izan, sexuaren inguruko hitzalditara joaten zen. Emakumeek, hurrengo egitarauari buruz galdetzerakoan, horrelako ikastaroak behar zirela adierazi zuten. Pasa den urtean Emaizeri deitu genion eta ikastaroa izan genuen. Aurten beraiek deitu gaituzte eta lau eguneko ikastaroa egin dugu. Urtarrilaren 16an hasi eta lau asteazkenetan zehar gaia landu dugu.
Zeintzuk izan dira jorratutako gaiak?
Horrelako hitzalditara joaten garenon adina ikusita -30 pertsona baino gehiago joan ohi dira egunero- pertsona helduentzako gaiak proposatu ditugu. Adibidez, lehenengo egunean hizlariak guri galdetu zigun gure esperientziei buruz eta guk azaldu genion nolakoa zen sexualitatearen kontua gure garaian; dena zen bekatua eta tabua... eta horren inguruan solasean ibili ginen. Guk esandakoaren arabera, berak azaldu zigun zer zen gauza bakoitza.
Azken egunean jostailu sexualak ekarri zituzten, erlaxazioa ere landu dugu. Eta kontzeptu batzuk; sexua ez da bakarrik koitoa, asko mintzatu gara masturbazioaren inguruan, gorputzaren prozesu guztia zentzu horretan, txikitatik.
Zein da zuen balorazioa?
Oso positiboa. Jende asko etorri da eta edukiak interesgarriak izan dira. Gizonezkoen eta emakumezkoen sexu ezberdintasunak azaldu dizkigute bere konplexutasun osoan. Edo gorputzaren atal ezberdinen izenak irakatsi dizkigute, askotan emakumeek ez dakizkite eta.
Jendeak nola jaso ditu edukiak? Parte hartu du?
Bai, bakoitzak bere bizipenak adierazi ditu. Sexua tabua izan da, orain ez da eta emakume heldu askok ez dakite ezta zer bizi izan duten.
Eta elkartearen aldetik, zein da Solastiarren historia?
Elkartea Kultura Herrikoiaren Zentrotan sortu zen. Bazegoen zentzu horretan emakume talde bat eta hor sortu zen elkartea 1994an, hain zuzen ere.
Txema Urkijok egin zituen estatutuak. Garai horretan ni beste elkarte batean nengoen, Intsumisoen Gurasoen Elkartean eta kide batzuk bi elkarteetan aritzen ziren.Elkartearen izena, berez, Solastiar Emakumeen Promozioarako Elkarte Kulturala da. Arrazoia erraza da: urte horietan emakume gehienak etxoandreak ziren eta ume nahiko helduak zituzten. Elkartea emakume hauek etxetik ateratzeko sortu zen, astean behin gutxienez. Horregatik antolatzen ziren hitzaldiak, ikastaroak edo eskulan tailerrak. Orain emakume gehienek etxetik kanpo lan egiten dute -ahal dutenek- baina garai horietan ez zen horrela. Hasi nintzenean nire semeek unibertsitatean ikasten zuten jadanik eta nik denbora libre gehiago nuen. Orain lehendakaria naiz eta auzo eskola batera joan nintzenez denbora asko behar dut txostenak eta oro har Emakundek eta Foru Aldundiak eskatzen diguna.
Denborarekin Solastiarren planteamendua aldatu da?
Bai, noski. Eboluzioa egon da eta orain ekitaldi gehiago egiten dira. Astelehen, asteazken eta ostiraletan aerobika dugu duela urte asko. Dantzak ere ditugu astelehenetan. Ostegunetan hitzaldiak edo txango kulturalak egiten ditugu eta ebaluazioak hilero. Lan handia da.
Eta bestalde, gai gehienak tratatu ditugu, batzuk errepikatu ditugu. Berdintasuna eta generoaren ikuspegia jorratzen dugu, baina askotan jendeak gai oso zehatzak nahi ditu. Lehen aipatutako txangoetan saiatzen ari gara Euskal Herriko leku interesgarriak ezagutzen. Gertu daudenak baina ondare erakargarria dutenak.
Eta etorkizunean zein da helburua?
Edo elkartea itxi edo indarrak ditugun arte jarraitzea, , inork ez du nahi lehendakariaren eta idazkariaren ardurak hartu nahi eta. Badirudi ez dagoela erreleborik eta 102 emakume gara.