Opor Fiskalen inguruko mozioa erretiratzeko eskatu dio Bilduk EAJri

Txabi Alvarado Bañares 2013ko ots. 14a, 08:58

Opor Fiskalen inguruko mozioa erretiratzeko eskatu dio Bilduk EAJri, “funtsik gabeko gertakarietan oinarritua” dagoela argudiatuta.

Opor Fiskalen inguruko mozioa erretiratzeko eskatu dio Bilduk EAJri, “funtsik gabeko gertakarietan oinarritua” dagoela argudiatuta.

Opor Fiskalak deitzen zaio  1993-1994 urteetan zehar Eusko Jaurlaritzak abian jarritako neurri ekonomiko bati. Neurri honek EAE barruan kokatzen diren enpresak saritzen zituen sozietate zergetan murrizketa batzuk eginez. 2009an Europako Justizia Auzitegiak neurri hori legearen aurkakoa zela ondorioztatu  zuen, eta enpresek zergatik ordaindu ez zuten dirua ordaindu beharko zutela adierazi zuen. Hala, Arabako Diputazioari herrialdeko enpresek itzulitako dirutik zati bat Laudioko Udalera bideratu da, guztira milioi bat euro baino gehiago.

Horregatik, Bilduk jakinarazi zuen Opor Fiskaletatik etorritako diru horri esker ez zela aurtengo jaitetako aurrekontuan murrizketarik egingo. Horren aurrean, EAJ, PPk eta Arabako Enpresarien Sindikatuak (SEA)  adierazi zuten udal-gobernuaren asmoa “onartezina” iruditzen zitzaiela, diru hori, jaietan baino, beste alor batzutean inbertitu beharko litzatekeela argudiatuz. Hala, EAJk horren inguruko mozio bat aurkeztu datorren  Udal Osoko Bilkuran bozkatua izan dadin.

Hala, Bilduk mozio hori erretiratzeko eskatu dio Alderdi Jeltzaleari, udal-gobernuak ez zuelako diru hori guztia jaietan inbertituko zela adierazi. Hala, EAJri “SEAk eta PPk abian jarri duten iruzur kanpainarekin” bat egitea leporatzen dio. “Manipulatzeko lotsarik ez dute eta Bilduren aurka edozer egiteko prest daude”. Hala, Alderdi Jeltzaleari “leialtasun instituzionala” eskatzen dio Bilduk, eta mota honetako “jasarpen-showetan” parte hartu nahi izatea salatzen du.

Bukatzeko, koalizioak azaldu du herritarrek badakitela ereduak desberdintzen: “alde batetik enpresario handiek proposatzen dituzten eskubide sozialen murrizketak eta gehien dutenek irabaziak handitzea ahalbidetzen duen EAJren eta PPren zerga eredua, bestetik jendarte justu eta solidarioagoa posible dela uste dugun guztion eredua”.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide