Heziketa talde bat sortu du Hauspoa elkarteak

Txabi Alvarado Bañares 2012ko abe. 31a, 08:49

Amurrioko Hauspoa elkarteko kideek heziketa talde bat jarri dute martxan. Umeekin egoteko leku bat izan, gurasoen arteko harremanak sustatu eta heziketaren inguruko kezkak elkartrukatzeko gune bat bezala definitu du taldea Jessi Picatoste Hauspoako kideak.

Amurrioko Hauspoa elkarteko kideek heziketa talde bat jarri dute martxan. Umeekin egoteko leku bat izan, gurasoen arteko harremanak sustatu eta heziketaren inguruko kezkak elkartrukatzeko gune bat bezala definitu du taldea Jessi Picatoste Hauspoako kideak.

Taldea abian jartzeko zita urtarrilaren 11rako jarri dute, ostirala, 17:30etan elkartearen lokalean (Aiala etorbidearen 20. zenbakian, Muga taberna zegoen tokian). Lehenengo egun horretan pailazo tailer bat egingo dute, eta horretarako pailazo sudurrak eta jantziak eramango dituzte. Egun horretatik aurrera printzipioz ostiralero batzeko asmoa azaldu dute, ekimena Amurrioko zein Aiaraldeko guraso guztiei zabaldua dagoela azpimarratzearekin batera. “Asmoa talde potente bat sortzea da”, Picatosteren hitzetan.

Hasiera batean Hauspoaren lokalean batzeko asmoa duten arren, ez dute baztertzen bestelako espazioak erabiltzeko aukera. “Agian ibilaldi batzuk egitea, mendira joatea…”, azaldu du Picatostek.

Taldean parte hartu dezaketen umeen adin-tarteari buruz galdetzean, Picatostek adierazi du taldea sortu duten gurasoen umeak 0-6 urte bitartekoak direla, baina adina finkoa ez dela gaineratu du.

Hortaz gain, epe luzeago bati begira hezkuntzari buruzko jardunaldi batzuk antolatzeko asmoa dute. Horren harira Picatostek aurreratu du euren asmoa eskola libre batzuetako kideak gonbidatzea izango litzatekeela eta mahainguru bat antolatzea.

 

Urtarrileko egitaraua             

Heziketa taldea ez da izango, baina, datozen asteetan Hauspoa elkarteak bere lokalean antolatuko duen gauza bakarra. Ekintza ugariz osatutako egitaraua baitute prestatua elkarteko kideek urtarrilerako.

Hilaren azken ostiralean, 25ean, Invertidos y rompepatrias liburuaren aurkezpena egingo da lokalean, 19:30etatik aurrera. Aurkezpenearen ostean, klown ikuskizuna egongo da eta gero afari batekin emango zaio bukaera egunari. “Hilabete bakoitzaren azken ostiralean antolatzen dugu afaria, eta afariaz aparte ekintza batzuk egiten saiatzen gara”, azaldu du Picatostek.

Hilabetea agurtzeko, 30ean, maputxeei buruzko El retorno de los Weichafe dokumentala proiektatuko da. Hurrengo egunean, aldiz, RAAD talde armatuari buruzko textu bat aurkeztuko da. Bi ekintzak 19:30etan izango dira.

Ekintza horiek gauzatzean ezezik, beste ordu batzutan ere topatu daiteke Hauspoaren lokala zabalik: astelehenetan 18:00etatik 21:00etara irekitzen dute, astearteetan 18:30etatik 21:00etara, asteazkenetan 17:30etatik 19:00etara, ostegunetan 19:00etatik 24:00etara eta igandetan 12:00etatik 14:00etara. Gainera, ostegunero pintxopotea prestatzen dute lokalean bertan.

 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide