"Aitor Olentzero egunerako gure artean izango genuela pentsatzen genuen"

Aitor Aspuru Saez 2012ko abe. 28a, 10:59

ANDONI KORTAZAR (Laudio, 1978) Aitor Kortazar euskal preso politikoaren anaia da. Pasa den asteburuan Aitorrek bere zigorra bukatutzat ematea espero zuten baina arazo ezberdinak zirela medio, oraindik espetxean jarraitzen du.

 

Nola jaso zenuten Aitorrek espetxean jarraituko zuenaren albistea? Zein zen zuen egoera?

ANDONI KORTAZAR (Laudio, 1978) Aitor Kortazar euskal preso politikoaren anaia da. Pasa den asteburuan Aitorrek bere zigorra bukatutzat ematea espero zuten baina arazo ezberdinak zirela medio, oraindik espetxean jarraitzen du.

 

Nola jaso zenuten Aitorrek espetxean jarraituko zuenaren albistea? Zein zen zuen egoera?

Berak esan zigun 22an aterako zela, bazekien estradizio eskaera zuela baina argi ikusten zuen 22an Madrilen egongo zela. Gu hara joan ginen eta arratsaldeko 17:00etan beste preso baten senide batek deitu zigun esanez leiho batetik bestera egon zela hitz egiten Aitorrekin.

Aitorrek adierazi zion komunikatu ziotela hurrengo egunetan ez zutela mugituko arazo teknikoak zirela eta. Estradizioaren paperei lotuta omen daude arazo horiek. Bertan behera utzi genuen asteburuko plana beraz.

 

Zeintzuk dira arazo tekniko horiek?

Hasiera batean esan ziguten Aitorren aurkako estradizio agindua zegoela eta Estatu Frantsesak 10 egun zituela hori burutzeko. Baina geroago abokatuek adierazi ziguten beste gauza bat. Preso batek Estatu Espainarrean zigor bat bete behar duenean euroagindua abiatzen da, epe burokratikoa arintzeko batik-bat. 2 edo 3 egunetan espainaratzen dute.  

Aitorren aurka ez dagoenez ezer, Estatu Espainarrak euroagindua eskatu ordez, estradizioa eskatu du. Prozedura 30 egunez luzatu daiteke eta ziurrenik hori gertatuko da. Gainera, Estatu Frantsesean Aitorren auzia eramaten duen epailea oporretan dago. Guztia atzeratzen ari da.

 

Nola dago Aitor eta nola zaudete senideak? Hasiera batean Gabonak etxean igaroko zituela ematen zuen eta momentuz galarazi diote.

Olentzero egunerako gure artean izango genuela pentsatuta... Gurasoak goibel eta urduri. Gehienbat urduri. Berarekin momentuz ez dugu hitz egin. Ez dauka telefonoz deitzeko txartela ezta eskubidea. Heltzen zaizkigun berriak beste senideen bitartez dira. Esan digute ondo dagoela, arropa baduela eta suposatzen dut haserre egongo dela. 

 

Nolakoa izan da Aitorren espetxealdia?

Hasiera batean, bost urte Parisen eman zituen, Fleury eta La Santé espetxeetan. Hara joateko bidaia erreza zen. Hendaiatik trenak ateratzen dira eta zuzenak dira eta Parisera heltzen zinen gauez bidai egin eta gero. 

Azken urte hauek Clairvauxen eman ditu. Troyes ondoan dagoen herri txiki batean dago. Espetxe nahiko ezaguna da. Kilometro berdinak daude Parisera eta Clairvauxera baina hara heltzeko bidaia ezerosoagoa da. Autoz joan behar gara edo Parisera trenez joan eta auto bat alokatu. Bidaia luzea da baina ondo egin dugu. 

 

Nola interpretatu duzue gertatu dena. Kasualitate hutsa izan da edo mendekua Aitorrek ez igarotzeko senide artean Gabonak?

Ez dakigu. Bera entzun arte ez dut ezer pentsatu nahi. Nik egin nuen azken bisita berarekin eta galdetu nion ea ziur zegoen 22an kalean egongo zela eta berak baietz esan zidan. Oso garbia zela bere kasua eta Espainiar Estatuan, Soto del Realen egon zen espetxean urte bat bere kasua aztertzen zen bitartean eta azkenean bere aurkako akusazioa artxibatu zen. Beraz, Estatu Frantsean libre geratuz gero, aske geratu beharko zen.

Hau gertatu ostean, ni harrituta geratu naiz. Aitorrek hain argi zuen eta berak du informazio guztia... Ez dakit nola gertatu den.

 

Ohiko da horrelakoak gertatzea?

Askotan gertatzen da. Gure laguna den Patxiri antzeko gauza gertatu zitzaion, Aitorrekin egon zen beste kide bati ere... antzeko kasuak dira baina ez guztiz berdinak. Agus ere, isolatu zuten bi aste Parisen. Presoa libre geratu behar den egunean ez da etxeratzen. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide