Baso igel iberiarra

Erredakzioa 2012ko urr. 31a, 10:45

Naturayala blogak igel iberiarraren inguruko azalpenak argitaratu ditu blogean:

 

Hiru urte izango dira Laudioko erreka batean, Nerbioiko arroilan, lehenengo baso-igel iberiarra aurkitu nuenetik, baina iaz arte ez nuen zehaztasunez identifikatzerik izan. Argazki guztiak bertan ateratakoak dira. Harritu egin ninduen aurkitzeak, espezie hori ez baita oso arrunta inguru honetan.

Naturayala blogak igel iberiarraren inguruko azalpenak argitaratu ditu blogean:

 

Hiru urte izango dira Laudioko erreka batean, Nerbioiko arroilan, lehenengo baso-igel iberiarra aurkitu nuenetik, baina iaz arte ez nuen zehaztasunez identifikatzerik izan. Argazki guztiak bertan ateratakoak dira. Harritu egin ninduen aurkitzeak, espezie hori ez baita oso arrunta inguru honetan.

Ordutik hona, gustuko dituen putzuetara joaten naizenean, ez da zaila igelen bat ur ertzean topatzea, geldirik. Horrela ez du inork ikusiko, ez harrapariek, ezta harrapakinek ere. Astiro-astiro hurbiltzen natzaio ustekabean harrapatu nahian, baina alferrik, beti ikusten nau berak lehenago.

Ezin hobeto ezkutatzen da harrien eta lur gainean eroritako hostoen artean, eta ezinezkoa zait harrapatzea. Ikusten nauenean uretan sartzen da jauzi eginez, eta desagertu egiten da. Hondoraino jaitsi eta putzuko beste aldera joan ohi da atzeko hanka indartsuez baliaturik. Bere saltoak sartu den tokira erakartzen du nire begirada, bera handik urrun eta haltzen sustraien eta harkaitzen artean ezin hobeto ezkutatzen den bitartean.

Ondo kontserbaturiko erreka da, pinu (Pinus radiata) gehiegirekin mendi aldean, eta oso uda berotsuetan sikatu egiten dena. Sano ondo letorkioke ortuak ureztatzeko kentzen dioten ura, halere, igela topatu dugun erreka-tartean beste lau anfibio espezie bizi dira: ur-igel arrunta (Pelophylax perezi), apo arrunta (Bufo bufo), txantxikua (Alytes obstetricans) eta uhandre palmatua (Lissotriton helveticus).

1983ko uholdeen ostean erreka zati hau zabortegi bihurtu zuten inguruko baserritar batzuek, «baliorik ez duena, errekara» esaera zaharrari eutsiz. Urte batzuk geroago, beste auzokide batek –ikuskizunaz suminduta– botatako zabor pilo handia batzeari ekin zion, eta apurka-apurka erabat berreskuratu zuen andeatutako aldea. Eta gaur Arriskuan dauden Espezieen Euskadiko Zerrendan sartuta dagoen «interes bereziko» espezie bat bizi da plastikoak eta era askotariko hondakinak zeuden tokian. Txalotzeko eredua da, benetan. Aiaraldeko beste erreka batzuetan kontuan hartzeko modukoa.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide