Hiru izan dira Laudioko Udalak aurkeztu berri dituen ekimenak. Udalaren webgune eta Zuin berriak alde batetik, eta lehentasunen inkesta bestetik.
Azken hori izan da, Udalaren aburuz, auzo asanbladen eta udal talde politikoen lan-prozesuaren emaitza. Auzo asanbladetan herriak behar zituen lehentasunak zehaztu ziren, eta inkestaren bidez lehentasun hoiek garrantziaren arabera sailkatuko dira. Inkestaren emaitzak kontuan izango dituzte udal talde politikoek erabakiak hartzerako orduan, Udalak adierazitakoaren arabera.
Ekimenaren helburua “herritar guztien iritzia” jasotzea dela azaldu du Amets Meaza alkate-ordeak, “auzoz auzo, etxez etxe”. Hori lortzeko etxe bakoitzeko bi inkesta buzoneatu direla jakinarazi du zinegotziak, eta auzoetan inkestentzako buzoiak jarri direla gaineratu du. Paperean bakarrik ez, galdetegia internet bidez ere bete ahal izango da, Meazak adierazi duenez. Zurelaudio.net-en sartu beharko da horretarako, Laudioko Udalaren atari berrian.
Atari hori udaberrian aurkeztuko den webaren “aurrerapen bat” dela jakinarazi du alkate-ordeak. Inkesta betetzeaz gain, Udal Osoko Bilkuren bideoak zein auzo, aurrekontu eta inbertsioen inguruko informazioak kontsultatu daitezke bertan.
Webgunea ez da Udalak berritu duen gauza bakarra, Zuinak ere formatua aldatu baitu. Orain arte banatu den hamabostekariaz gain, bi hilabetean behin 36 orriko Zuin “berezi” bat kaleratuko dela azaldu du Meazak, “modernoago eta erakargarriagoa”. Aldizkari horren lehenengo zenbakia atera berri da, eta inkestan aipatzen diren beharrizanak jorratzen dituen ale monografikoa da.