EAJk mozio bat aurkeztu du hurrengo Udal Osoko Bilkuran eztabaidatua eta bozkatua izan dadin. Mozioa Ondasun Higiezinen Gaineko Zergaren epekako ordainketa eta hobarien aplikazioa ditu ardatzat.
Alderdi Jeltzaleak adierazi du mozioa aurkeztu duela Ordenantza Fiskalen aplikazioak “zenbait arazo” sorrarazi dituelako. Hala, “prozedura zehatz bat” eratzeko eskatzen dio Gobernu Taldeari, hobariak eta epekako ordainketak “berme guztiekin” gauzatzeko. Prozedura horrek “malgutasun eta gardentasun irizpideak” jarraitu beharko dituela gaineratu dute jeltzaleek. Hala, herritarrek zergen eta hobarien afera hobeto ulertzeko eta egin beharreko instantzia eta betebeharrak errazteko.
Hortaz gain, Udalaren diru sarreren eragin fiskala aztertzea edo ekonomia bideragarritasun ikerketa plan bat egitea eskatu dio EAJk Bilduri, zerga-plan pertsonalizatuaren ordainketa-aplikazioa bermatzeko. Zerga-plan hori hobarietan eta zenbait udal zerga eta tasetan eragina duten ordainketei aplikatuko litzaieke.
PSEren mozioak
PSEk, bere aldetik, beste bi mozio aurkeztu ditu datorren Udal Osoko Bilkurarako. Lehenengo mozioak enpleguarekin du zerikusia, pasa den urteko abuztuan onartutako mozio bat betetzea eskatzen baitio PSEk Gobernu Taldeari. Mozio horretan Tokiko Garapen Agentzia bultzatzea eta Tokiko Enplegu Mahaia sortzea eskatzen zen. Hala, “udaletik enplegua sustatzeko” 90000 euroko aurrekontu-saila onartu zen. Baina PSEk adierazi du diru hori oraindik erabili gabe dagoela, eta erabiltzea eskatzen du aurkeztutako mozioan.
Bigarren mozioa kontu publikoen gardentasunari buruzkoa da. Hala, herritarrek aurrekontuak “erraz” kontsultatzeko aukera izatea eskatzen du PSEk.