Ikuskizunean parte hartzeko deia zabaldu dute antolatzaileek
San Rokeko Jaien baitako Berakatz Egunean izango da Made In Laudioren hirugarren edizioa. Aurreko bi edizioetako ildoei jarraiki, zuzeneko agerraldiak eta ikus-entzunezko ekoizpenak bilduko ditu. Antolatzaileen hitzetan, “Made In Laudio bideo eta eszenatoki ikuskizun bat da, eta nahi duen kolektibo zein pertsona orok hartu dezake parte”. Laudiokoak diren eta “jai testuinguruan” sartu daitezkeen lanak gailenduko direlarik.
Hala, bi epemuga jarri dituzte antolatzaileek. Lehenengoa ekainaren 30a, hori izango baita izena emateko azken eguna. Izen ematearekin batera aurkeztu nahi den bideo edo agerraldiaren funtsa azaldu beharko da, horretarako madeinlaudio@gmail.com helbidera mezu bat bidaliz. Uztailaren 31a izango da, aldiz, lan definitiboak aurkezteko azken eguna.
Ikuskizunaren oinarriak eta informazio gehiago eskuratzeko aukera dago www.madeinlaudio.com webgunean.