"Nik Errepublika defendatuko nuela zin egin nuen"

Aitor Aspuru Saez 2012ko mai. 4a, 21:28

PLAZA IREKIA: MANUEL IBARROLA (Laudio, 1915) gudari aritu zen gerran. Urte latzak izan ziren horiek baina arazorik gabe kontatzen dizkio galdetzen dionari eta xehetasunik txikiena ere ondo gogoan du, dagoeneko 97 urte dituen arren.

Kasu honetan, erredakziotik proposatutako galderez gain, atariaren erabiltzaileek egindakoak ere luzatu dizkiogu Manueli, plaza irekiaren atala estreinatuz aiaraldea.com atarian.

ERREDAKZIOA: Zein zen zure egoera altxamendua hasi zenean?

MANUEL IBARROLA (Laudio, 1915) gudaria izan zen. Urte latzak izan ziren horiek baina arazorik gabe kontatzen dizkio galdetzen dionari. Elkarrizketa parte-hartzaile bat egin dio Aiaraldea.com-ek irakurleek bidalitako galderekin:

Zein zen zure egoera guda hasi zenean? (I.P.S.)

Ni Alcalá de Henaresen nengoen zerbitzu militarra egiten guda hasi baino lehen. Matxinada hasi baino egun batzuk lehenago mugimenduak egon ziren armadan eta Madrilera joan nintzen zaldi batekin, han Santanderrera joateko baimena eskatu nuen.

Behin Kantabriara heldu nintzela nire kapitainaren asmoa berarekin Burgosera joatea zela ikusi nuen, baina nik banekien han matxinatuak gehiengoa zirela. Bidai luze bat egin nuela adierazi nion eta 24 orduko atsedena behar nuela esan nion ere. Castrora joateko baimena eman zidaten eta ni, aldiz, Laudiora etorri nintzen. Herrian harrapatu ninduen gudak.

Zuk Errepublikaren alde hartu zenituen armak, zergatik? (G.L.R.)

Ni militarra nintzen eta Errepublika defendatuko nuela zin egin nuen. Eta hori egin nuen. Bestalde, ni betidanik abertzalea izan naiz. Nere aita ere bazen. Egia esanda, txikitatik, ikurrina bat ikusten nuenean iruditzen zitzaidan beste mundu bat irekitzen zitzaidala.

Urte horietan herri guztietan egiten ziren egunero mitinak eta jendea joaten zen. Laudion bertan bazeuden espata-dantza taldeak, bai gazteak, bai helduak, irule taldeak ere... denetarik geneukan.

Aiaraldean guda nola bizi zen? (I.S.B.)

Hasi bezain laster, Baranbioko zubiak bota zituzten matxinatuei bidea mozteko. Laudion miliziak sortu genituen koadrila bat Guardia Zibila Amurriora bidali ostean. Ideologia ezberdinekoak ginen, baina oso harreman ona genuen. Berganzagoitian jarri genuen postu bat, Bidekotik gertu.

Amurrioko San Pedro eskuratu genuen ere, etsaiak metrailadora bat zeukan tontorrean eta. Amaiur batailoiak gizon ugari galdu zituen borroka horretan. Guk Aloriatik igo ginen.

Dena den, leku askotan egon nintzen, frontean. Villarealeko Erasoaldian, Urbinaraino heldu ginen. Gero San Pedron Bakunin Bataloia ordezkatu genuen eta bonbardatu gintuzten berehala. Aretako batzuk hil ziren hor.

Mungian, hegazkinek bonbardatu gintuzten baina gure taldeari ez zioten kasurik egin, gainetik pasa ziren. Soiuben zortzi eguneko erasoa sufritu genuen, faxista italiarren aurka. Fruniz, Gatika, Morga eta Berunezko Gerrikoa zeharkatu genuen geroago. Derion soldadu batzuk atzeman eta harrapatu genituen, oso jatorrak ziren gixajoak, Galiziakoak. Butroiko gazteluan lo egin genuen handik gutxira.

Bilbo erori zenean Erandiotik Areatzara joan ginen. Zauri batzuk eragin zigun "quinta columnak". Kontraerasora pasa eta gero, Portugaleten bukatu genuen. Hortik Arraiz mendira joateko agindua jaso genuen eta mendi horretan 120 hegazkin bonbardatu gintuzten. Hildakoak hilerrira eraman eta gero Kantabriako bidea hartu genuen. Han 18 italiar harrapatu genituen. Hurrengo egunean eraso genuen eta zauritu ninduten. Oso borroka bortitza izan zen, 80 lagun edo galdu genituen. Pare bat bala eman zidaten sahietsean, baina ez zen oso larria izan. El Sardineroko ospitalean egon nintzen Nazionalak sartu arte.

Kantabriatik Asturiasera bidali ninduen armadak. 

Atxilotua izan zinen? (J.B.I.)

Bai, Asturiasen. Itsasontzi alemaniar batek harrapatu ninduen. Galiziara eraman gintuzten. Zaindariek geneukan guztia lapurtu ziguten. Santoñan, El Duesoko espetxean bukatu nuen. Handik Cardeñasera bidali ninduten, kontzentrazio esparru bat zen hura. 18.000 pertsona geunden.

Langile batailoi batean erroldatu nintzen. Nahiago nuen hori geldirik egotea baino. Burgosera eraman gintuzten. Bertako jendeak harrituta zegoen, ez geneuzkan adarrik. "Gorriak" horrelakoak ginela pentsatzen zuten. Talavera de la Reinan gauza bera gertatu zitzaigun.

Frontean egon ginen lubakiak egiten. Gero minak kendu nituen Madrilen eta lan horretan gustora egon nintzen.

Guda bukatu zenean zerbitzu militarra egin nuen.

Ez zinen gartzelan egon? (A.B.K.)

El Carmelon egon nintzen, baina ez denbora asko. Hilero Guardia Zibilaren koartelean aurkeztu behar nintzen. 100 edo agertzen ginen hilero Laudion.

Errepresaliak sufritu zenituen? (R.S.O.)

Ez. 5000 pezeta ordaindu nituen. Laudioko sei pertsonek salatu ninduten, baina nire epaiketa militarra zen eta ez zuten parte hartzeko aukera. Ni, orokorrean, arazorik gabe bizi nintzen. Noizbait Guardia Zibilek ez ninduten uzten mezara joaten, baina orokorrean Orozkon babes handia izan nuen.

Emakumeek paperen bat jokatu zuten gudan? (G.G.A.)

Emakumeek lan asko egiten zuten. Gure "quinta columna" ziren. Informazio ugari ematen ziguten.

Frontean noiz izan zenuen beldurra? (J.J.I.)

Beldurrik ez nuen pasa. Berehala ohitzen zinen. Umeen jolasak ziren. Gaur egun ez, beldurra izango nuke, gudak askoz bortitzagoak baitira.

Adibidez, hegazkinak tirokatzen genituen nahiz eta beraiek gu ikusi. Peñalemoan Baranbioko batekin, Olamendirekin, fusil-metrailadore bat hartu eta hegazkinak tirokatu genituen. Lehen deskarga bota genuen bakarrik, ikusi gintuzten eta dentarik bota ziguten. Harri artean geratu ginen ezkutaturik.

Gaur egun Errepublikaren alde borrokatu zenutenei omenaldi batzuk egin dizkizuete. Gustoko dituzu? (Aiaraldea.com)

Gauzak gehiegi nahasten direla esango nuke nik. "Otsoaren hatsa" estreinatu zenean gudari eta milizianoen senideak zeuden, baina nire ustez borrokatu zutenek bakarrik jaso behar dute omenaldia.

Bestalde, apirilaren 14ean egindako ekitaldian egondako beste pertsona reketea zen. Hori Errepublikaren aurka egin zuen. 1936ko abuztuan gartzelaratu zuten horregatik. 

Gaur egun egiten diren adiskidetzeko saiakerak duela 30 urte egin behar izan ziren. Duela 30 urte dagoeneko alderdi bakoitzeko partaideek beste gauza batzuk egiten geunden eta ika-mikak gertatzeko arrisku handirik ez zegoen.

 

 

 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide