"Latiorro auzoa isolatuta geratu da"

Aitor Aspuru Saez 2012ko api. 29a, 14:36

XABIER GARCIA MUGIKA (Laudio, 1962) Latiorroko auzokidea da eta auzo elkartean parte hartzen du. Auzo honen aldarrikapen ezberdinek protagonismo handia izan zuten Laudioko azkenengo Udal Osoko Bilkuran. Elkarrizketa honen bitartez elkartearen iritziak ezagutarazi ditu zuzenean.

Hasteko, zaila da norbaitek ez jakitea dagoeneko zer eskatzen duten Latiorroko auzokideek, baina hala ere, berriro azalduko zenuke, mesedez?

XABIER GARCIA MUGIKA (Laudio, 1962) Latiorroko auzokidea da eta auzo elkartean parte hartzen du. Auzo honen aldarrikapen ezberdinek protagonismo handia izan zuten Laudioko azkenengo Udal Osoko Bilkuran. Elkarrizketa honen bitartez elkartearen iritziak ezagutarazi ditu zuzenean.

Hasteko, zaila da norbaitek ez jakitea dagoeneko zer eskatzen duten Latiorroko auzokideek, baina hala ere, berriro azalduko zenuke, mesedez?

Guztiok dakigunez, Laudioko erdigunea eta Latiorro komunikatzeko oinezkoentzako lur azpiko pasabidea oso egoera txarrean aurkitzen da. Duela 65 urte eraiki zen 200 biztanle inguru zuen auzo bat erdigunearekin oinez lotzeko.

Baina orain auzo hori 4.000tik gora auzokide ditu, eta tunelak bi metro eskaseko zabalera izaten jarraitzen du. Zaharkiturik eta itoginaz beteta dago, iluna eta arriskutsua da. Dudarik gabe oztopo handia suposatzen du eta ez du inondik inora trenbideak sortzen duen hezi fisikoa gainditzen laguntzen. Kontrakoa, erdigunetik oso gertu dagoen auzo bat urruntzen du emozionalki eta trenbideak Laudion sortzen duen hirigintza-zauriaren efektua areagotzen du.  

Azken urte hauetan eta auzokideen lana, mugimendua eta borrokari esker, Latiorro aldean pasabidearen sarrera ingurua asko hobetu dugu, oinezkoen arrapala askoz zabalagoa izatea lortu dugulako, eskailera mekanikoak jarri izan direlako, irisgarritasuna bermatzeko igogailu bat dagoelako eta 180 ibilgailuentzako aparkalekua sortu dugulako.

Jende asko harrituta geratzen da zulo sakon eta iluna zena, askoz atseginago den ingurua dela ikustean. Eta aldaketa hau onuragarri sentitzen dugu guztiok, auzokideak izan ala ez. Baina auzokideok behin eta berriro eskatu arren, Udalak ez zuen tunela zabaldu eta komunikazioan sortzen duen inbutuaren efektua nabariagoa da orain. 

Zer eskatzen dugu? Behar beharrezkoak diren obra hauek ahalik eta lasterren hastea nahi dugu. Hamabi  urte pasa dira tunela zabaltzeko lehen proiektua egin zenetik. Denbora guzti honetan auzokideok udala mugiarazi dugu komunikazio espazio duin bat lortzeko. Lortu dugu ingurua hobetzea, lortu dugu lur azpiko pasabideari 8 metroko zabalera emango dion proiektu bat diseinatzea. Baina komunikazio puntu beltzak hor jarraitzen du, eta ez gaude prest krisiaren aitzakiaz eta dirurik ez dagoela argudiatuz behar beharrezkoak diren obren hasiera urtetan luzatzea. Horregatik, Udalak onartu zuen proiektua garatzeko lanak aurten hastea eskatu diogu Udal Batzari, eta obra horien esleipen prozesuari ekiteko diru partida bat egokitzea ere bai.

Mozio bat aurkeztu duzue Udal Osoko Bilkuran eta alderdi guztiek, zuen testua oinarritzat hartuta, beste bat adostu dute. Zein da zuen iritzia honen inguruan?

Esan dugun bezala, hamabi urte daramagu gai honen inguruan. Gure esperientziak esaten digu Udala ez dela mugitzen guk mugiarazten ez badugu, eta aipatu dugun guztia, auzokideok Udalaren atzetik akuiluarekin ibili garelako egin da. Latiorroko auzokideen mugimenduak aurkeztu dugun mozioa ez du Osoko Bilkurak aztertu, eta esan behar dugu ez zaigula gustatu inondik inora. Are gehiago, lotsagarria da auzokideek aurkeztutako mozioa Osoko Bilkuran irakurri ere  ez izatea. Auzokideon eskubidea da planteatutako mozioa bertan irakurtzea eta talde politikoek guk eskatutakoari ematen dioten erantzuna jasotzea.

Ez dugu batere bidezkoa ikusten gure iniziatiba desitxuratzea beste mozio baten bidez ordezkatuz. Hemen kontua  ez da talde politikoek beraien buruei planteamenduak egin eta beraiek nahi dituzten parametroetan arazoei erantzutea, ez. Gai honetan auzokideok aurkeztutako mozioa aztertu eta erantzun beharko lukete. Gero beraiek beste iniziatiba bat adosten badute eta beste mozio batean gauzatu nahi badute, ondo, zilegi da. Baina, gure mozioa ez eztabaidatzea, ez da bidezkoa eta ez da inondik inora herritarron parte hartzea bultzatzea, Udalbatzak goizeko zortzietan jartzea ez den bezala.

Azken urte hauetan asko hedatu da Latiorro. XXI. mendeko desarrollismo hau gustuko duzue?

Gure auzoko gizon adindu batek esaten zuen bezala, “Latiorroko auzunea goian dago eta Udaletxea behean. Behean egonda zinegotziek tunelaren zulo txiki horretatik ikusi izan dituzte behar zituzten etxebizitzak eraikitzeko lur eremuak, eta eraikuntzaz bete dituzte. Orain horrenbeste zabaltzea kostatzen zaien zulotxo horretatik baina, ez dituzte ikusi auzo honek dituen gabeziak. Orain ez dugu apenas lur eremu librerik eta ez ditugu ez auzoko plaza bat, ez kiroldegirik, ez auzo-gune sozialik, ez jubilatuen zentrorik, ez ezer. Eta oraindik ere batzuk uste dute pribilegiatuak garela...”  

Guk uste dugu hitz hauek laburbiltzen dutela zer gertatu den gure auzoan azken urte hauetan. Udalak ahalbidetu eta beste kasutan bultzatu ere egin du etxebizitzak eraikitzea, baina auzo honek dituen gabeziak konpontzeko ezer gutxi egin du.  Esan dugun bezala egin izan diren lanak pozgarriak dira, ez guretzako bakarrik. Herriaren alde honetara pasatzen diren guztiek ondo baloratzen dute egindakoa. Baina guzti hau ez da zerutik erori. Oso ondo baloratu diren lan hauetan auzokideon mugimenduak zerikusi handia izan du: lehenik eta behin auzoaren beharrak politikoen agendan jarri dugu eta akuiluarekin eragin ere, eskakizun hauek denboraren gauean ez lokartzeko; gero proiektuen erredakzioa bultzatu dugu, ekarpenak ere eginez proiektuen atal batzuk hobetzeko zein lanak gauzatzean azaldutako oker bat baino gehiago zuzentzeko.

Azpiegitura gehiago behar dituzuela adierazi duzue Udal Osoko Bilkuran, zeintzuk?

Hasteko gure auzoa isolatuta geratu da. Batetik Trenbideak eta bestetik Autobideak, auzoa inguratzen dute, eta dauden bezala komunikazioa erraztu beharrean, oztopatzen dute. Lau milatik gora dituen auzo honetan gero eta arazo gehiago dago Galmaka aldetik kotxez sartu eta ateratzeko. Errotonda bat behar da. Autobidearekin komunikatzeko auzokideek eskatuta, Zeharkako Ardatza deituriko errepidea egin berri dute, baina errepide hau ez da autobidearekin lotzen Amurrioko norabidean. Lotura hori egin behar da.

Etxebarri auzo gunean kotxez pasatzeko ere zailtasun handiak ditugu, eskatu genuen errotonda egin ez dutelako. Lotura hori konpondu behar da. Latiorrok Plaza nagusi bat behar du auzo bizitza honen inguruan antola dadin. Kirola egiteko zelai aproposa behar dugu. Kultur etxea edo gizarte zentroa behar dugu, bere inguruan auzokideen mugimendua antola dadin… Baina guretzat lehentasuna, Trenbide Azpiko Tunela zabaltzea da duda barik.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide