ANTONIO OYARZABAL (Laudio, 1990) piano-jotzaile oso gaztea da. Hala ere, gauza garrantzitsu asko lortu ditu bere ibilbide profesionalean. Nazioarte mailan jarraituko ditu bere ikasketak eta bere lana, baina egun hauetan Laudion egon da.
Orain dela gutxi Euskadiko Gazte Orkrestan lortu duzu plaza piano-jotzaile moduan. Beste lorpenik ere izan duzu azkenaldian, ez?
Bai, horretaz aparte, 2011ko azaroaren amaieran Madrilgo Gazte Orkrestan ere lortu nuen piano-jotzaile plaza. Era berean 2012ko urtarrilean piano-jotzaile ordezko aukeratu ninduten Vienako Gustav Mahler Jugendorchester-arako baita ere.
Egia esanda, azken orkresta honetan eskuratutako plaza izan da lorpen harrigarriena, Europa mailan duen izen ona dela eta.
Urte asko eman dituzu ikasten. Noiz hasi zinen pianoarekin? Zenbat ordu exijitzen dizkizu lan honek egunero?
Bai, lanbide hau oso gogorra da eta ordu asko exijitzen ditu; gainera, askotan, gustoko ditudan beste gauza batzuk egiterari utzi behar izan diot. 9 urtekin hasi nintzen Laudion, moja adoragarri baten eskutik, Sor Cecilia Keller-en eskutik.
Berak erakutsi zidan garrantzitsuena: musika maitatzen. Gero, noski, egindako bidea luzeagoa izan da.
Nazioarte mailan asko mugitu zara. EGOko plaza lortu eta gero, hemen geratuko zara edo zure nazioarteko ibilbidea jarraituko duzu?
Datorren urtean atzerrian master bat egingo dut, are gehiago, abenduan Londreseko Guildhall School of Music and Drama-n plaza lortu nuen, datorren urtean hasteko.
Hala ere, maiatzean Genevan beste proba batzuk egingo ditut beste master baterako. Hau guztia, Parisen jasotzen ditudan klaseekin eta Euskal Herrian nire burua ezagutzera ematearekin uztartu nahiko nuke.
Horretarako, asko gustatuko litzaidake Laudion kontzertu bat ematea. Orain dela 4 urte kontzertu bat eman nuen herrian eta entzuleen erantzuna hobezina izan zen, horregatik, azken urteotan ikasitakoa erakusteko irrikitan nago.
Gustoko duzun gauza batean lan egitearen alde gozoa begibistan dago, baina zein da pianoa jotzearen alde gogorrena?
Dudarik gabe, honetan jarduteko bokazioa izan behar duzu, modu honetan ikasketa ordu bakoitzean gozamena aurkitzen da baina pianoa diziplina gehien exijitzen duen musika tresnetako bat da eta horregatik, frustrazioa kontrolatu beharra dago momentu askotan.
Zeintzuk dira zure egile gustokoenak eta, eman dituzun kontzertuen artean, zein da inoiz ahaztuko ez duzuna?
Musika frantziarra asko gustatzen zait; Debussy, Ravel, Poulenc; nire errepertorioan beti egile frantziarren baten obrak sartzen saiatzen naiz. Esan beharra dago, nire piano eta orkrestarako kontzertu gustokoenetako bat euskal konpositore batena dela. Frantzisko Escuderorena. Euskal musikari dagokionez erreferentzi garrantzitsuenetakoa da, eta zabaldu beharra dago. Gainera, bere jaiotzaren 100 urteurrena ospatzen da aurten!
[video:http://youtu.be/Du0cD5vNCxA width:360]