Tentsio uneak Udal Osoko Bilkuran

Aitor Aspuru Saez 2012ko mar. 27a, 09:44

Nahasia izan zen atzo Laudion egindako azken Udal Osoko Bilkura. Nahiz eta saioa modu oso lasaiean hasi zen, giroa apuka-apurka gaiztotu egin zen. PSEko zinegotzia den Txaro Sarasua eta Mikel Lasa EAJren bozeramailearen artean liskar nahiko gogorrak bizi izan ziren atzokoan.

Nahasia izan zen atzo Laudion egindako azken Udal Osoko Bilkura. Nahiz eta saioa modu oso lasaiean hasi zen, giroa apuka-apurka gaiztotu egin zen. PSEko zinegotzia den Txaro Sarasua eta Mikel Lasa EAJren bozeramailearen artean liskar nahiko gogorrak bizi izan ziren atzokoan.

Osoko bilkuran, arraroa badirudi ere, ez ziren gai bereziki polemikoak eztabaidatu. Lehen mozioa Aldai-Sorozelain egin behar diren obren ingurukoa izan zen. Lan honen kostua 215.000 eurokoa da; Eusko Jaurlaritzak 148.000 euro inguru ordainduko ditu eta, beraz, adostasuna erabatekoa izan zen alderdien artean.

Antzeko egoera eman zen eztabaidatutako hurrengo testuarekin. Kasu honetan PSEk, Bilduk eta EAJk mozio bat transakzionatu zuten eta gutxiengo soldataren izozketaren aurka agertu ziren. PPk ere bat egin zuen mozioarekin eta OMNIA, aldiz, abstenitu.

Era berean, atzoko osoko bilkuran beste bi mozio landu behar ziren; Frackingaren ingurukoa eta hirigintza planari buruzkoa. Bi proposamen hauek atzeratu eta hurrengo Udal Osoko Bilkuran berreskuratuko dira. Horretarako "Fracking ez" plataformak informazio kanpaina bat abiatuko du eta alderdiek hirigintza planaren aurrean izango duten jarrera gehiago landuko dute.

Liskarra eta akusazioak

Arraroa bada ere, mozio nahiko tekniko batek eragin zuenTxaro Sarasua eta Mikel Lasaren arteko tirabira. Terraza eta belatokien inguruko mozio bat aurkeztu zuen EAJk, Udalak indarrean dagoena zuzendu dezan. PSEk eta Bilduk beste bat transatu zuten.

Hasiera batean, modu nahiko normalean eman abiatu zen eztabaida. EAJk adierazi zuen egun indarrean dagoen ordenantzak ez dituela suertatu diren arazoak konpontzen eta beraz, udal taldeak beste bat egin behar duela.

Alderdi jeltzalearen bozeramaileak adierazi zuen bere ustez Bildu eta PSEren arteko akordio bat dagoela eta horren bitartez EAJren lana oztopatzen dutela. Bilduk Mikel Lasari gogora ekarri zion indarrean dagoen araudia EAJk diseinatu zuela eta adierazi du koalizio independentista prest dagoela talde guztiekin akordioetara heltzeko.

PSEk, bere mozioa defendatu zuen eta batik-bat, mahai bat osatzearen proposamena azpimarratu zuen, belatokiak eta terrazak sortzen dituzten kontraesanak konpontzeko.

Bigarren txandan, OMNIAk adierazi zuen arazo hau orokorragoa dela. Mikel Lasak berriro hartu zuen hitza Ezker Abertzaleari politika egitea "eskertzeko"  eta berretsi zuen lehenago adierazitakoa; Bildu eta PSEren arteko akordio bat dagoela alegia. Bozeramaile jeltzaleak adierazi zuen PSEk ez duela akordio hori publikoki onartu nahi deserosoa zaiolako. Era berean, ardura politikorik gabe jokatzea leporatu zion PSEko zinegotziari Tokiko Batzarrean parte ez hartzeagatik.

Azken hitz hauek Txaro Sarasua sutan jarri zuten eta bere bizitza pribatuan ez sartzeko eskatu zion Mikel Lasari –Tokiko Batzarrean ez parte egotearen erabakia pertsonala baita-. Mikel Lasa eledun jeltzalearengan ere haserrea piztu zen, eta Txaro Sarasuari oposizioaren aurkako oposizioa egitea leporatu zion.

Mozioa bozkatu eta gero giroa ez zen baretu. PSEk eta Bilduk aurkeztutako testua onartu egin zen, terraza eta belatokiak eragiten dituzten arazoak konpontzeko mahai baten osaketari bide emanez.

Laudio Memoria eta erregu eta galderak

Udal osoko bilkura honetan Laudio Memoria talde sortu berriak proposatutako mozioa ere onartu zen. PP ez beste alderdi guztiek  guda zibilak eragindako ahaztutako hildakoak gogoratu eta aitortzeko eskaera babestu zuten.

Erregu eta galderen txandan gauza teknikoak landu ziren: Aretako Gasteiz kalea, pasabide baten egoera, segurtasuna… Era berean, EAJk  Guardia zibilak okupatzen dituen aparkalekuen inguruko galdera luzatu zuen. Eraso mehatxua desagertuta, Guardia Zibilak erabiltzen duen segurtasun eremu hori libre utzi behar duela uste du alderdi jeltzaleak.

Natxo Urkixo alkateak, aipatu zuen modu ez ofizial batean eskaera hori egin duela, baina EAJren babesari esker ofizialki eskatuko duela.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide