Gaurko Udal Osoko Bilkuran Tomas Acha S.L.-ko langileek aurkeztu duten mozioa aurrera atera da Bildu eta EAJren bozkei esker. Testu honetan, Udal talde ezberdinei lan gatazka honetan parte-hartzea eskatu diete.
Partaidetza honek, langileen iritziz, hiru helburu bete behar ditu. Alde batetik, benetako negoziazio bat gauzatzea. Beharginen ustez, zuzendaritzak jarrera gogorregia erakutsi du orain arte. Bestalde, enpresak bere lan jardueraren jarraipena bermatu beharko luke eta azkenengoz, langile guztiek kobratu gabe dituzten soldatak behingoz eskuratu.
OMNIA, PP, eta PSEk babesa eman diete langileei baina abstenitu dira. Prozedurarekin ez dira ados egon, nahiago zuten adierazpen instituzional bat publiko egitea. Honetaz aparte, PSEk jakinarazi du, irizpide moduan, ez duela inoiz sindikatuen mozioen alde bozkatzen. Langile hutsen mozioak babesten ditu soilik -ELAren bitartez aurkeztu dute Tomas Achako beharginek bere proposamena-. Bilduk eta EAJk bat egin dute langileek idatzitako testuarekin.