Publiko egin duten testu baten bitartez, Tomas Acha S.L.ko langileek adierazi dute greba mugagabe bat hasi dutela bere egoera ekonomikoa konpontzeko, baita enpresaren eta bere lanpostuen etorkizuna ziurtatzeko. Iritzi publikoari zuzendu duten gutun honetan salatu dute enpresak 3 hilabeteko soldata zor diela langileei. "Gainera, 2011. urtean zehar soldatak jaitsiz joan dira, enpresari sakonunetik ateratzen laguntzeko, urtea amaitu baino lehen atzerakin horiek itzuliko zizkigutelakoan" diote Tomas Acha S.L.ko langileek. Baina, azkenean Enpresako Zuzendaritzak akordioak ez dituela bete jakinarazi dute.
Aldarrikapen hauek Laudioko kaleetara atera dituzte grebalariek kartel eta pankarten bidez. Ekimen honen helburua ez da bakarrik Enpresako Zuzendaritzaren aurkako presioa areagotzea, Laudioko herriari egoera ulertzea eskatzen diote ere.