Isabel Celaák Wifi sareak seguruak direla ziurtatu zuen, ekainaren 19an Laudion ospatu zen Araba Euskarazen baitan. Wifi sareen segurtasuna “erabatekoa” dela esateaz gain, Osasunerako Mundu Erakundeak eta komunitate zientifikoak mota horretako teknologiaren kontrako jarrerarik hartu ez dutela azpimarratu zuen Hezkuntza sailburuak.
Horretaz gain, bere sailak gai horri buruzko ikerketa bat abiarazi zuela adierazi zuen Celaák, eta Wifia arriskutsua ez zela ondorioztatu dela.
Sailburuaren iritziz, kablerik gabeko konexio sistemak hezkuntza pertsonalizatua bermatzen du, Eskola 2.0 programaren baitan sartuko litzatekeena.
Ugariak dira Laudion Wifiaren aurka azaldutako herritarrak. Latiorroko Eskolako gurasoek hainbat protesta egin dituzte teknologia hori euren haurren ikasgeletan sartzearen aurka, osasunarentzat kaltegarriak diren uhin elektromagnetikoak sortzen dituela argudiatuta.