Laudioko Los Bengalies béisbol-taldeak ekainaren 29an Katalunian jokatuko den txapelketa nazionalean parte hartuko du. Norgehiagokan kadete-mailako 6 mutil lehiatuko dira. Rafa Sanchez entrenatzailea baikor agertu da txapelketaren aurrean eta apurka-apurka mailak igotzen aritzeak umeak motibatuko dituela adierazi du.
Los Bengalies beisbol taldea Rafak eratu zuen duela urte batzuk. Sortu eta denbora batera Ellakuriko zelaiaren zati batean entrenatzen hasi ziren. Baina hori baino lehen eremua beisbolean jokatzeko egokitu behar izan zuten, ez baitzegoen kirol hori praktikatzeko baldintza egokietan. Urteak igarota txapelketa nazionalera egin dute salto Los Bengaliesekoek.