Atzo eman zitzaion hasiera garagardoaren hamabostaldiari Laudion. Ekimen hori Apill merkatarien elkarteak bultzatu du herriko ostalaritza ezagutarazteko asmoz. Aurtengo edizioan honako hauek dira parte hartuko duten tabernak: Aldatz, Ametsa, Antzoki, Arrañope, Azoka, Batzoki, Blanco, Bonaire, Café Araba, Enara, Gorka, Gozo Toki, Guria, Haitzulo, Ilargi, Iluntze, Indriska, Iri Landa, Kafe Plaza, Kapritxo, La Viña. Lauri, Leize, Litxa, Sokoa, Sorgin Taberna, Txantxiku eta Zinema.
Hala, aipatutako taberna bakoitzak garagardo marka berezi bat zerbitzatuko du hamabost egun hauetan zehar. Horrela laudiarrek tabernaz taberna doan ibilbidea gauzatzeko aukera izango dute eta, hala, zenbait sariren zozketan hartu ahal izango dute parte. Izan ere, “ibilbidearen orriko” hamabost tabernetako garagardo bereziak edanez gero, ekainaren 23an burutuko den zozketa batean parte hartu ahal izango dute herritarrek. Zozketa horren sari nagusi moduan bi pertsonentzako bidai bat dagoen arren (Municheko Oktoberfestera), beste 10 sari ere banatuko dira. Sari horien artean San Miguelen Burgoseko fabrikara bidai bat edota garagardo lote bereziak sartzen dira.
Baina garagardozaleek beste zita garrantzitsu bat izango dute hamabostaldiaren barruan. Izan ere, ekainaren 10 eta 11an Junifest jaialdia ospatuko da herrian. Pasa den urtean bezala Aldaikoerreka plaza tradizio germaniarrak apainduriko garagardotegi bilakatuko da okasiorako, eta bertan hainbat ekitaldi burutuko dira.