Ekainaren 19an Laudion ospatuko den Araba Euskarazaren abestien diskoa aurkeztu zuten pasaden astean. Aurkezpenean Juankar Bermejo Laudio Ikastolako zuzendariak hartu zuen parte, Sokaide taldeko kideekin eta Antton Aranburu musikariarekin batera. Azken horiek abesti bana grabatu dute, aurkeztutako diskoaren parte direnak.
Baina horiek ez dira Gontzal Mendibilen Bagare abestiaren bertsioa egitera ausartu diren talde bakarrak. The Sparteens, Esne Beltza, Kerobia, Koma, Mielotxin, Jose Luis no me mires con el ojo de cristal, Los Arlotes, Nahixan eta Gontzal Mendibil berak jarri dizkiete diskoari gainontzeko doinuak. Guztira 12 dira albumak dituen abestiak, Maldan Behera taldearena epez kanpo iritsi zelako eta, horren ondorioz, ezin izan zutelako bilduman sartu. Hala ere, Bermejok adierazi zuenez, abesti hori Araba Euskarazaren webgunean dago entzungai.
Araba Euskarazaren ibilbide eta programazio definitiboak ekainaren hasiera partean jakinaraziko dira, antolatzaileen arabera.