Aurtengo Dolumin Barikuko abere azoka ez da, aurreko urteetan bezala, Zumalakarregi etorbidean kokatuta egongo. Aurten Lanbide Heziketako Udal Ikastetxearen parean dagoen aparkalekura aldatuko da. Leku-aldaketa honek Aberedunak elkartearen oniritzia dauka, horrela abereak kargatu eta deskargatzeko erraztasun gehiago izango dituztela baitiote.
Abeltzainek ez zuten pasa den urteko edizioan parte hartu. Izan ere, Arabako Diputazioaren otsoaren planari euren desadostasuna adierazteko azoka boikotatu zuten. Aurten, aldiz, abereen presentziaz gozatzeko aukera egongo da berriz.
Abeltzainek 55 ganadu-pieza erakutsiko dituzte, 60 zaldi eta hainbat ahuntz, ardi, txerri eta bitxikeriarekin batera. Hortaz gain bolo erakustaldiak eta idi probak egongo dira ostiral horretan.