Abian da berriz ere Laudioko liburu azoka. Aurtengoa azoka hau ospatzen den 16. urtea da eta martxoaren 28ra arte egongo da zabalik.
Guztira, Euskal Herriko 17 liburu-denda baino gehiago ari dira egun hauetan zehar euren produktuak eskaintzen Lamuza plazan. Liburuak ez ezik, euskal musikagintzak eman dituen azken nobedadeak ikusi eta eros daitezke, eta baita beste sorpresatxoren bat ere. Horren adibide garbia da liburu nanoen saltzailearen kasua, urtero azokaren eskuineko muturrean kokatzen dena.
Azokara hurbiltzen denak %10eko deskontuaz gozatu ahal izango du argitaletxeen azken nobedadeak eskuratzerako orduan. Baina, horretaz gain, aurtengo edizioak beste gauza berezi bat izango du. Izan ere, bihar arratsaldeko zazpietan Jon Arretxe idazlearen presentziaz gozatzeko aukera egongo da udaletxeko erabilera anitzeko aretoan. Bertan basauriarra bizikleta gainean munduan zehar egin dituen bidaien inguruan mintzatuko da eta ondoren bere liburuen aleak sinatuko ditu.
Azoka hurrengo astelehenera arte egongo da Laudion. Ondoren Amurriora abiatuko da eta, Gasteizen amaituko du bere ibilbidea, iraila partean.