Ardantzazar kaleko zenbait bizilagunek etxe aurrean daukaten plazan gauzatu behar dituzten obrak ordaintzeko eskatu diote Udalari.
5,7 eta 9 zenbakietako jabeek obra batzuk gauzatu behar dituzte, 120.000 euro baino gehiagoko kostua izango luketenak. Obra horiek pisuen behealdean kokatutako garajeetan gertatzen ari diren filtrazioak ekiditeko egin behar dira.
Plaza hori erabilera publikoko espazio pribatu bat da eta, besteak beste, udal haurtzaindegia bertan dago. Udalak bertara iristeko aldapa bat eta bertako umeentzako jolastoki bat eraiki zituen plazan.
Auzokideek diote udalak garajeetako filtrazioei aurre egiteko obrak ordaindu behar dituela plazari ematen ari zaion erabileragatik. Horretaz gain, Bermeon gertatutako arazo berdintsu baten aurrean Arartekoak emandako gomendioak eta kasu berdintsuetarako Auzitegi Gorenak emandako epaiak aipatu dituzte.