HAPO berriak (Hiri Ordenamendurako Plan Orokorrak) eztabaida ugari sortu du Laudion. Laudioko Udala eragile politiko, sozial eta kulturalei plan berri hau aurrera eramateko modua azaltzen ari da. Eztabaida sortu duten puntuen artean, Laudio berriaren eta zaharraren arteko erlazioarena dago. Hau da, herriko ondare historikoaren gaia.
Laudioko alkate den Jon Karla Menoyoren ustetan, Laudio berria zaharrari gailentzen ari zaio. Dena den, babestea merezi duen ondarearekiko kezka dagoela azaldu du. Baina, horrekin batera, ondare historikoa babesteko burutu beharreko ekintzak “oso garestiak direla” esan du.
Bestalde, eragileek Laudioko zenbait eraikin historiko berritzeko eskatu diote Udalari, HAPOaren barruan; Anuntzibaiko ingurunea, Gardeako Santa Kurtze ermita, Etxebarria baserria eta Tipularreko farmazia dira berritu nahi diren ondarerik garrantzitsuenak. Horretaz gain, Bitorika ingurunean gordetzen diren elementu arkitektonikoen azterketa bat egiteko ere eskatu diote eragileek udalari.