Aretako eskolarako eraikitako sarbide berriak irristagarritasunaren aurkako tratamendu bat jasoko duela adierazi du Laudioko Udalak. Izan ere, urte honetan zehar eraiki den ibilbide berriaren baldosak irristagarriak dira, eta hori arriskutsua bilakatu daiteke eurite edota izozte kasuak egonez gero. Horregatik, aldapa berria oinezkoei itxita egongo da, harik eta irristagarritasunaren arazoa konpondu arte.
Aldapa berri hau Fabian Legorburu ikastetxera zioan ibilbide zaharra ordezkatzeko eraiki da. Izan ere, bide zaharra errepidean hasi eta bukatzen zen zuzenean eta hori arriskutsua gerta zitekeen ikastetxeko ikasleentzat. Hala ere, aldapa berria ibilbide luzeagokoa eta araudiarekiko errespetagarriagoa bada ere, irristagarritasunaren arazoak obren behin betiko bukaera atzeratu egin du.
Proiektu honek ia 50000 euroko kostua izan du eta, aldapa berritzeaz gain, inguruan altxatzen den horman berrikuntzak eta bigarren mailako beste hainbat hobekuntza egin ditu.