Laudioko Ezker Abertzaleko zinegotziek EAJko politikariek “udala beraien negozioa bermatzeko pribatizatzen ari direla” salatu du, komunikabideei zuzendutako komunikatu baten bitartez.
Idazkian, zinegotziek “udal-jarduera eta autonomia bermatzen ez dituen finantziazio sistema” eta Jon Karla eta EAJren “kudeaketa txarra” kritikatzen dituzte. Beraien hitzetan, alderdi jeltzalea 2003. urtean gobernura iritsi zenean 15 milioi euroko diruzaintza-soberakina zegoen, eta gaur egun ez dago soberakinik.
Dirua desagertzearen arrazoia EAJk bultzatutako pribatizazioetan dagoela adierazten dute. Horrek, beraien ustez, “langileen lan-baldintzei” eta “zerbitzu publikoaren kalitateari” kalte egiten dielarik. Horretaz gain, Ezker Abertzaleak EAJri "azpikontratatutako enpresa eta zerbitzuak” berriz aztertu eta murrizteko proposamena luzatu ziola azpimarratu eta jeltzaleek proposamenari uko egin ziotela salatzen du.
Horrekin batera, ezker abertzaleko zinegotziek pribatizazioak alderdi politikoentzako eta hauen lagunentzako “sekulako negozioa” bihurtzen ari dela ondorioztatu dute. Horren aurrean, beraiek “udal publiko eta irekiaren aldeko hautua” egiten dutela azaldu dute; “ustelkeria eta negozio pribatuetatik urrun dagoen ereduaren alde”.
Komunikatuaren amaieran, Ezker Abertzalearen udal-taldeari helarazitako zerbitzu eta azpikontratatutako 50 enpresen zerrenda irakur daiteke, nahiz eta, zinegotzien esanetan, “denontzat ezagun diren batzuk” agertzen ez diren.
Ezker aldean atxikita dator komunikatu osoa.