Aiarako ikasle abertzaleek, Hispanitatearen Eguneko jaiarekin duten desadostasuna adierazteko, herri eskolak antolatu dituzte gaur Laudioko Institutuan.
Eskola berezi horietarako antolaturiko ekintzak goizeko bederatzi terdietan hasi dira. Lehendabizi, bertaratutakoek gosaltzeko aukera izan dute eta, gero, Burgoseko Prozesuaren inguruko bideo emanaldi bat ikusi dute.
Horren ostean, herri kirolen momentua heldu da, zeinetan parte hartzaileek zozkor apustuan, txingetan, txapel jaurtiketan edota sokatiran trebatzeko beta izan duten.
Ondoren, Gazte Independentistek antolaturiko hitzaldia egin da, zeinetan gaur egun Ameriketan gauzatzen ari diren askapen prozesuen historiaz eta zehetasunez mintzatu diren, bertaratutako guztien parte hartzea bultzatuz.
Azkenik, eguerdiko ordubata terdietan kontzentrazioa egin dute Lamuza plazan, “Jai arrotzei, marra gorria!” lemapean.