Izugarrizko giroa atzo Laudioko Carmen kaleko 25. zenbakian. Eguna iluntzen zebilela jende mordoa biltzen hasi zen Uhinak Irrati librearen egoitzan. Gertatzen ari zenaz konturatzeko denborarik eman gabe, emisorako zolua kable, jaki eta edari kontaezinez bete egin zen. Eta ez zen gutxiagorako, Ojodagila irratsaioaren laugarren urteurrena ospatzeko prestakuntzak baitziren haiek.
Ojodagilak 2006ko Apirilaren 22an emititu egin zuen bere lehen irratsaioa, garai hartan Uhinak Irratiaren emisio-gunearen papera betetzen zuen Laudioko kultur etxeko dorretik. Beraien hasierako eta, aldaketak aldaketa, gaur egun arte mantenedu egin duten helburua magazine-txoko bat sortzea izan zen; zeinetan, astero, aktualitateari errepaso umoretsua egiten dioten (betiere arranoaren begiradaz baliatuta).
Hasiera batean, Aiaraldeako uhinetan hiruzpalau saio baino ez zituztela iraungo uste zuten arren, astez-aste eta irratsaioz-irratsaio beraien 100. emisiora iristea lortu zuten, pronostiko guztiak zuzenean zakarrontzira bidaliz.
Baina denbora nahikotxo igaro da marka berezi hori lortu zutenetik; eta dagoeneko 160 dira uhinak beraien barreekin astintzen igaro dituzten ostiralak, horri airean igaro dituzten ia 300 orduak eta lau urte hauetan zehar sortutako abesti zein kuñak gehitu behar zaizkiolarik.
Audio berezi eta nostalgiko horien presentzia nabarmena izan zen laugarren urteurreneko emisio-jai honetan, eta Ojodagilako mito bilakatu diren pertsonai xelebre zein ustekabeko telefono deiek gaua era paper garrantzitsu bat jokatu zuten. Baina atzo gaueko protagonista nagusia aukeratu behar izanez gero, musika aukeratuko genuke. Izan ere, irratsaio esanguratsu hau egiteko, magazine-txoko honetako partaideek elementu nostalgikoak mugatu eta aurrera begiratzea erabaki zuten. Eta, horretarako, ohiko programaren ordez zuzeneko kontzertu akustiko batzuk antolatzea bururatu zitzaien.
Beraien ekimen hori aurrera eramateko, lau urte hauetan zehar modu batean edo bestean irratsaioarekin zerikusia izan duten Laudioko hainbat musikariri dei egin zieten; eta hauek, Ojodagilarekin zuten zorra gogoan, egun hartako kontzertuak burutzeko bi talde inprobisatu sortu zituzten. Alde batetik, Une Mararen musikaz gozatzeko aukera izan genuen, Une Latzak eta Mara taldeen elkarketaz sortutakoa. Beste aldetik, Jose Luis tiene el ojo de cristal por una lluvia de hachas taldearen emanaldia etorria zen, Jose Luis no me mires con el ojo de cristal taldearen omenenez sortutako hainbat bertsio akustiko jo egin zituena.
Gauak aurrera egin ahala, bi taldeak txandaka jotzetik nahastuta eta, azkenik, batera abestera iritsi ziren. Cicatriz-en “Lola” klasikoarekin amaitu zuten emisioa, partaide guztiek elkarrekin abestutakoa, goizeko ordu-batak puntuan zirela. Baina jaiak aurrera egin zuen, geratzen ziren pintxo eta edariak bukatu bitartean lau urte hauek ekarritako anekdotak oroituaz, baina beti aurrera begira. Hurrengo ostiralean, ostiralero lez, gaueko hamaiketan hasiko duten irratsaioari begira.