Hainbat obra egingo ditu Udalak Ellakuriko futbol zelaian. Egitasmoaren xede nagusia izango da San Martineko zelaian egiten diren zenbait ekintza bertan egin ahal izatea. Hala azaldu du Amets Meaza zinegotziak. “San Martineko zelaia txiki geratu da erabilerari dagokionez. Bi klub daude gaur egun bertan (C.D. Laudio eta Altzarrate K.E.) eta zaila da bien arteko entrenamenduak kudeatzea”. Meazak adierazi du bi klubekin bildu direla obren nondik norakoak kontrastatzeko.
Zelai berria
Zelaian bertan egingo dute obra nagusia. Gaur egungo zorua kendu eta beste bat jarriko dute, hiru geruzaz osatutakoa: Polietilenozko lamina iragazgaitzazkoa lehenbizi, kautxuzkoa gero eta belar artifizialekoa azkenik.
Hortaz gain, hainbat berrikuntza egingo dituzte ureztatze sarean eta kirol ekipamenduetan. 30 metro karratuko bi aldagela berri jarriko dituzte, aniztasun funtzionala duten pertsonentzako beste batekin batera.