Gazte Gaua programa abiatu du udalak, gazteentzako aisialdi espazioak sortzeari begira

Erredakzioa 2017ko urt. 2a, 11:53

Mindfulness-ari buruzkoa izango da lehen tailerra. Argazkia: yogabear.org

Urtarrilaren 13an hasiko da lehen tailerra, eta otsailera arte luzatuko da.

Gazte Gaua aurkeztu du Laudioko Udalak, herriko gazteei zuzendutako programa. “Gazte Planean atera ziren ondorioetako batzuei erantzun nahi die programak, eta harreman eta dibertsiorako espazioak sortzea izango du helburu ”, azaldu du Amets Meaza zinegotziak.

 

Hainbat tailer eskainiko dituzte horretarako, ostiral iluntzeetan egingo direnak eta hainbat gai jorratuko dituztenak: sexualitatea, artea, kultura, kirola... Gai zerrenda ez dago itxita, parte hartzerako tartea utzi nahi izan baitute. Herriko edozein gaztek helarazi ahalko ditu bere proposamenak gaztegaua@yahoo.com helbide elektronikora mezu bat bidaliaz. Meazak azaldu du hainbat balio sustatu nahi dituztela tailer horiek bidez: “euskararen erabilera, emakume eta gizonen arteko berdintasuna, naturarekiko errespetua, elkartasuna...”.

 

Lehena, datorren astean

Programa datorren astean abiatuko da, Mindfulness tailerrarekin. Arreta eta erlaxazioa psikologikoki nola garatu ikasi ahal izango da bertan. Sei saiotan banatutako ikastaroa izango da, eta ostiralero egingo da urtarrilaren 13tik otsailaren 17ra bitartean, 19:00etatik 21:00etara Kultur Etxean.

 

Toki kopurua mugatua izango da. Hori dela eta, interesatuak dauden gazteek aurretik eman beharko dute izena, Udaleko Gazteria Sailera (944 034 850) deituaz edo arestian aipatutako posta elektronikora mezu bat bidaliaz.

 

Bigarren tailerra xaboi eta kosmetiko naturalei buruzkoa izango da, eta lau ostiraletan luzatuko da, otsailaren 24an hasita.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide