Gaur goizean deklaratu dute Beñat Ereño eta Aitor Martinez laudioarrek Entzutegi Nazionalean, margoketa batzuk egitea egotzita. Bideo-konferentzia bidez egin dute deklarazioa, Amurrioko Epaitegitik.
Banaka sartu dira deklaratzera, eta bost minutu inguru egon da bakoitza. “Zirko” bat izan dela salatu dute bi gazteek. “Ez digute ia ezer galdetu, eta aitortu egin dute Ertzaintzaren txosteneko bideo-irudietan ez dela ezer ikusten”.
Euskaraz deklaratzeko eskubidea, ukatuta
Hortaz gain, bi gazteek salatu dute ukatu egin zaiela euskaraz deklaratzeko eskubidea, komisaldegira joan zirenean hala eskatu zuten arren. “Itzultzailea deitzea ahaztu omen zaie”, adierazi dute.
Elkarretaratzea gaur arratsaldean
Elkartasun keinu ugari jaso dute bi gazteek azken egunetan. EH Bilduk adierazi du auzia “akusazio polizial hutsetan” oinarritua dagoela, eta gaur arratsaldean egingo den elkarretaratzera gerturatzeko deia zabaldu du. Arratsaldeko zortzietan egingo da mobilizazio hori, Lamuza Plazan 20:00etan.