Esti Urresola zinemagilearen "Paperezko Ahotsak" dokumentala aurkeztuko dute bihar Laudioko udal zinema aretoan. Bi emanaldi egongo dira, 17:30ean lehena, eta 20:00etan bigarrena. Sarrerak 2 euro balio ditu. Gainera, proiekzioa eta gero ikusleek proiektuaren nondik norakoak ezagutzeko aukera izango dute Esti Urresola zuzendariarekin eta Pello Gutierrez talde teknikoko kidearekin. Pablo Ibarluzea aktore laudioarrak ere parte hartu du ikus-entzunezkoan.
Dokumentalak Jose Antonio Agirre lehendakariaren eta Eresoinka abesbatzaren istorioak ditu oinarri, gerrak eztanda egin zuenean euskal identitatea sustatzeko talde hori sortzea erabaki baitzuen presidenteak. Filma oroimena, kultura, identitatea eta mugimenduaren inguruko hausnarketa da, besteak beste. Horregatik, pertsona ugariren lekukotzak eta iritziak jaso ditu sortzaile laudioarrak: abesbatzaren kide ohi batenak, euskal artistenak, ikerlarienak... Irudiak hiri ezberdinetan grabatu dituzte. Horien artean daude Paris, Bilbo edo Donostia, besteak beste.
Proiektua ETBren enkargua izan da. Ekoizpena gauzatzeko, ordea, bi oinarri edo gai eman zizkioten Urresolari: Paris eta erbestea. "Voces de papel" edo "Paperezko ahotsak" dokumentala da lanaren emaitza. Donostiako Zinemaldian estreinatu zuten irailean, eta ETB 2 telebista katean ere eskaini zuten. Igandekoa izango da, ordea, Aiaraldean ikusteko egongo den lehen aukera.