Manex Agirre bertsolariak, Gaizka Amondarain idazleak, Marco Bianchik eta Jon Aranburuk osatzen duten taldeak eskainiko du irudia, testua eta musika uztartzen duen ikuskizuna.
Hurrengo testuarekin aurkeztu dute lana:
"Joxe Azurmendik 1968an argitaratu zuen Manifestu Atzeratua. Testua ezin da, garai hartan eta orain, berdin irakurri. Tartean ez dago denbora bakarrik: gu ere bagaude. Zer esan nahi zuen, adibidez, "nik ez dut bakerik nahi, zeren bakea ez da libertatea" esaldiak garai hartan? Eta zer esan nahi du orain? Hainbeste aldatu al da munduan okupatzen dugun lekutxo hau ordutik? Hainbeste aldatu al gara gu? Aldatu al da zerbait benetan?"
"Aginako zero bat" proiektua sortu zuten Gasteizko Udalaren Euskara Zerbitzuaren eta Arabako Foru Aldundiaren Euskararen Foru Zerbitzuaren laguntzarekin 2015ean, urtero eskaintzen duen Gazte Sortzaileak bekaren testuinguruan.
