Bullyingaren aurkako KiVa metodoa jarri duzue martxan ikastolan. Nondik dator metodo hau Finlandiatik Euskal Herrira ekartzearen ideia?
KiVa metodoa Finlandian sortu zen, Turkuko Unibertsitatean hain zuzen ere. Diseinatu, probatu, eraginkortasuna neurtu eta erabileraren ondorio positiboak ikusita zabaldu egin zuten.
Euskal Herrira zabaldu orduko beste hainbat herrialdeetan ere aplikatu da, horietan ere eraginkortasuna nabaria izan delarik. Ikastolen Elkarteko kideak Finlandian metodoa ezagutzen egon dira eta egokia iruditu zaie ikastoletan martxan jartzeko.
Hasiera batean Lehen Hezkuntzarako sortu eta frogatu izan dute, baina oraingoan Bigarren Hezkuntzako proba pilotua martxan jarri dute. Beraz, ondorio onak izanez gero, urteekin, beste herrialdeetara zabalduko da.
“KiVak guraso, ikasle, irakasle eta ikas komunitatearen parte den orori eragiten dio, denon ardura baita jazarpenari aurre egitea”
Zertan datza metodoa?
KiVak "eskola atsegina" esan nahi du. Helburua da berdinen arteko eskolaren bidez jazarpenean eragin eta gutxitzea.
KiVak guraso, ikasle, irakasle eta ikas komunitatearen parte den orori eragiten dio, denon ardura baita jazarpenari aurre egitea.
Jazarpena jaso eta eragiten duten horietan arreta jartzeaz gain, inguruan dauden beste kide guztiengan jartzen du indarra metodoak, arazoaren parte ez izan arren badirelako irtenbidearen parte.
KiVak dituen lan jarduera sistematiko eta jarraituekin, ikasleek jazarpenaren aurrean isilik ez egoten, afektibitateaz aurre egiten eta jazarria izaten ari den ikaslea babesten ikasten dute. Lanketa hori LH1etik LH6rako ikasleek egingo dute beraien eskola orduetan banakako zein taldeko jarduerekin, zeinetan talde bezala ikasturteko konpromiso batzuk hartuko dituzten, baita ebaluatu ere.
Azken finean guztion jokabideak eragina duela ulertzea da helburua eta elkarrekin jazarpenari aurre egiteko konpromisoa hartzea eta betetzea.
“KiVak dituen lan jarduera sistematiko eta jarraituekin, ikasleek jazarpenaren aurrean isilik ez egoten, afektibitateaz aurre egiten eta jazarria izaten ari den ikaslea babesten ikasten dute”
Jazarpen kasuen jaitsiera nabarmen bat dakar metodo hori aplikatzeak. Zertan datza arrakasta horren gakoa?
Metodoa, esan bezala, Finlandian zein beste herrialde batzuetan jarri da martxan, eta eraginkortasuna frogatu da.
Arrakastaren gako bat da tartea eskaintzen dela modu antolatu eta jarraituan hamabostero gaia lantzeko. Lehen Hezkuntza osoan egiten da hori, jazarpen egoerak eman ala ez. Beste arrakasta gako bat da indartzea guztiok jazarpena gelditu eta aurre egiteko dugun konpromisoa eta aukera, norberak horretarako behar dituen trebetasunak eskuratuz.
Beraz, honetan datza arrakastaren faktore nagusiena: arreta eta indarra jartzean jazarpen egoera edo botere desorekan oinarritzen den harreman baten inguruan dauden ikasleengan.
“Arrakastaren gako bat da tartea eskaintzen dela modu antolatu eta jarraituan hamabostero gaia lantzeko. Lehen Hezkuntza osoan egiten da hori, jazarpen egoerak eman ala ez”
Laudio Ikastolan eta Aresketa Ikastolan hasi zarete jada metodo hori ezartzen. Nolakoak ari dira izaten lehengo pausoak? Zein ari da izaten guraso, ikasle, langileen harrera?
2016-17ko ikasturteko hirugarren hiruhilabetekoan KiVa metodoaren partaide izatera pasatu zen Ikastolen Elkartea. Metodoari buruzko formazioa sakona jaso zuten hainbat ikastoletako KiVa arduradun taldeek Finlandian ikasturte honen lehen hiruhilabetekoan. Bertako ikastetxeetan egon ziren, metodoa zuzenean ikasten.
Arduradun talde horrek formazioa eskaini die ikastoletako profesionalei eta prozesuaren garapenaren uneak ezarri dituzte.
Ikastola bakoitzean KiVa talde bat eratu da, hainbat profesionalek osatua. Talde horien helburua da metodoa martxan jartzea eta, ondoren, jazarpen-kasu larriei ahalik eta modurik eraginkor eta azkarrenean aurre egitea.
Lehen Hezkuntzako guraso, ikasle, irakasle eta bestelako langileak honen berri izaten ari dira, helburu berberarekin denok bat egin ahal izateko.
Gaur (urtarrilak 20) Kiva eguna ospatuko da Lehen Hezkuntzako ikasle eta irakasle guztiekin. Bertan hainbat ekintza burutuko ditugu Laudio ikastola KiVa ikastola bat dela esateko eta guztiok horren parte garela sustatzeko.
Hortik aurrera, 15 egunero behin, tutoretzan orduan, ikasleek Kiva programa aurrera eramango dute tutorearekin batera.
Inkesta bat osatu beharko dute ikasturtea amaitzean. Urtez-urteko garapena aztertu ahal izango da horrela.
“Urtarrilaren 21ean (larunbata) 11:00tan, KiVa programaren aurkezpen hitzaldi bat egingo da Laudioko Kultura Etxeko Lamuza gelan”
Aurkezpena egingo duzue bihar.
Hala da. Urtarrilaren 21ean (larunbata) 11:00tan, KiVa programaren aurkezpen hitzaldi bat egingo da Laudioko Kultura Etxeko Lamuza gelan. Hitzaldi hau hainbat ikastetxeetako irakasle eta gurasoei edota interesa izan dezakeen orori zuzenduta egongo da. Bertan Ageda Laraudogoitia egongo da hizlari moduan, Ikastolen Elkarteko KiVa proiektuko koordinatzailea.