Udalak ez du baztertzen beste eskola batzuetako amiantoa ere kentzea aurten

Erredakzioa 2017ko urt. 20a, 12:00

Abendua amaieran kendu zituzten Latiorroko Eskolako jardinerak. Argazkia: Juanjo Basterra

Latiorroko eskolako jardinerak kendu dituzte, baina herriko ikastetxe gehiagotan egon daiteke amiantoa.

2016 urtea amaitu baino egun batzuk lehenago kendu zituen udalak Latiorroko eskolan zeuden amiantozko jardinerak. Udan berdina egingo du ikastetxeko frontoiko sarbidea estaltzen duten plakekin, amiantoz eginikoak direlako horiek ere. Eraikinaren teilatua fibrozementuzkoa da baita (amiantoarekin eginiko materiala), baina udaletik adierazi dute txapa bidez isolatua dagoela eta ez dela arriskutsua manipulatzen ez bada. Hori dela eta, udalak ez du aurreikusi hori kentzea.

Udaletik adierazi dute ez dutela baztertzen herriko beste eskola batzuetan ere amiantoa kentzeko lanak egitea, baina “prozesu mailakatua” izan beharko litzatekeela gaineratu dute. Novotec enpresak 2013an egin zuen eskola eta bestelako eraikin publikoetan amiantoaren presentzia zein zen azaltzen zuen txostena. Ikerketa horren arabera, badaude amiantoa izan dezaketen beste zentro batzuk.

Hala ere, udaletik adierazi dute Novotec enpresak egin zuena “ikuskapen orokor bat” dela. Toki bakoitzean amiantoa dagoen edo ez ziurtatzeko analitikak egin beharko lirateke eta, ondoren, dagoen amiantoa kendu. “Latiorroko ikastetxearen kasuan analitikak egin gabe kendu da amiantoa, horren beharra ikusi zelako”, adierazi du Amets Meaza zinegotziak, “kasu bakoitza banan-banan aztertu behar da”. Meazak gaineratu du eskoletan fibrozementua egoteak ez duela arriskurik suposatzen umeentzat. “Manipulatu egiten denean da arriskutsua material hori, orduan askatzen baitira amiantozko zuntzak”.

Hori dela eta, amiantoa izan dezaketen eraikinak identifikatuak dituztela azaldu du zinegotziak, “udal langileek bertan obrarik egin behar badute behar dituzten segurtasun neurriak hartu ditzaten”.
 
“Udal gobernuaren arduragabekeria”
Gai honi buruzko artikulu bat plazaratu du Juanjo Basterrak. Bertan, kazetari aretarrak gogor kritikatu du afera horretan guztian udal-gobernuak izan duen jarrera, “arduragabea” dela azpimarratuaz. Latiorroko Ikastetxeko amianto plakak udara arte ez kentzea egotzi dio Basterrak udal-gobernuari, “Gabonetan egin zitekeen, arriskua zortzi hilabete gehiago luzatzen egon ordez”.

Novotec-en jarrera ere kritikatu du Basterrak, enpresak ez zituelako identifikatu Latiorroko Eskolatik kendu berri diren jardinera eta plakak. Era berean, aipatu du Gardeako eskola zaharrean badaudela Latiorrokoak bezalako beste jardinera batzuk. “Amiantoa dutela baldin badakite, zergatik ez dituzte kentzen?”.

Juanjo Basterraren liburu aurkezpena, gaur
Minbizia eragiten duen mineral horri buruzko liburua plazaratu zuen abenduan Basterrak, “Cuatro Lunas: El drama de amianto en Euskal Herria” izenburuarekin. Gaur (ostirala) egingo du liburuaren aurkezpena, 19:00etan Laudioko Gaztetxean.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide