Cristina Gonzalez diputatuaren agertzea eskatu dute oposizioko talde guztiek, Lamuza Parkeko Kasinoaren zaharberritzea dela eta

Txabi Alvarado Bañares 2017ko ots. 12a, 09:39
Kasinoaren terraza erabilgarria izatea aldarrikatzen du SOS Laudioko Lamuza Parkea plataformak. Argazkia: aiaraldea.eus

Diputatua otsailaren 27an emango ditu gaiari buruzko azalpenak, SOS Laudioko Lamuza Parke plataformaren ustez

Azalpenak eskatu dizkiote oposizioko talde guztiek Cristina Gonzalez diputatuari, Lamuza Parkeko Kasino etxearen zaharberritzea dela eta. Aldundiko arkitektura-saileko burua da Gonzalez. Kasinoaren terrazaren inguruan galdetu nahi dio oposizioak, SOS Laudioko Lamuza Parkeak hala eskatuta. Arabako Batzar Nagusietako talde guztiekin bildu dira plataformako kideak.

Parkearen aldeko taldeak urtarrilean salatu zuen eraikinaren zaharberritzea planteatuta zegoen moduan egiten bazen  terraza erabilgaitz geratuko zela. “Arkitektoak terrazaren zaharberritze zientifikoa egitea erabaki du. Hori egiten bada, terraza ezingo da erabili”. Zaharberritze mota hori egitea “arkitektoaren kapritxoa” dela uste dute plataformako kideek.

Deialdia Laudioko elkarte eta eragileei
Plataformako kideek uste dute Cristina Gonzalez otsailaren 27an agertuko dela Batzar Nagusietan gaiari buruzko azalpenak emateko. SOS Laudioko Lamuza Parkeko kideak bertan egongo dira, terraza erabilgarri baten aldeko aldarria plazaratzeko.

Terraza toki egokia izan daiteke mota askotako kultur ekintzak egiteko, plataformako kideen hitzetan. Hori dela eta, herriko elkarte eta eragileengana zuzendu dira: “Terraza mota horretako ekintzak egiteko balio dezakeela uste duen talde oro animatu nahi dugu aldarrikapenari atxikimendua ematera”. Plataformaren posta elektronikoa baliatu daiteke horretarako: lamuza@sosparkea.com

Plataformatik adierazi dute beste “elkarrizketa-bira” bat hasi dutela Batzar Nagusietako taldeekin, otsailaren 27a baino lehen soluzio batera iristeko helburuarekin. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide