Atera da Kepa Galdos udal langilearen senideek Laudioko Udalaren aurka bultzatutako epaiketaren sententzia. Epaiaren arabera, Kepa Galdos amiantoak eragindako mesotelioma baten ondorioz hil egin zen, hots, birikietako minbiziagatik. Hortaz gain, sententziak dio langilea amiantodun materialekin aritu zela lanean Laudioko Udalarentzat hainbat urtez, “inolako babes neurririk hartu gabe”.
"Babes neurri eta informaziorik gabe"
Udal langileek ez zekiten esku artean zituzten materialak amiantozkoak zirenik ere, eta arnasten zuten hautsa “hauts normala” zela uste zuten, sententzian azaltzen denez. “Udalak ez zien langileei inoiz eman horren gaineko informaziorik eta horregatik ez zuten inoiz babes neurririk hartu”.
Urriaren 4an izan zen epaiketa. Hasiera batean ekainaren 13an zen egitekoa, baina lau hilabetez atzeratu zen Udalaren abokatuak argudiatu zuelako lan-arloko epaitegiak ez zuela horretarako eskumenik, eta fiskalaren txostena falta zela.
Familiak behin baino gehiagotan salatu du baztertuak sentitu direla udal-gobernuaren partetik. Hori salatzeko elkarretaratzea egin zuten 2016ko ekainean udaletxearen aurrean: