Dekretua plazaratu du Laudioko Udalak San Martin udal-hilerria dela eta. Dekretu horrek zehazten du zein izango den hilerrian lurperatzeak egiteko ordutegi berria: lanegunetan egingo dira, 8:00etatik 13:00etara.
Udalak adierazi du arduratu beharko dela ehorztetxea une horretara arte hilotzak kontserbatzeaz. Gorpuak ehorzteko dagoen epe legala bermatzeko moldatuko da soilik ordutegi hori.
Funeraria Larraz S.L. enpresako Vicente Larraz Barbarak idazkia bidali dio Laudioko alkateari, dekretu hori dela medio. Larrazen arabera, udalak bilerara deitu zuen enpresa abenduaren 20an. “Bilera horretan ez ziguten azaldu zein izango zen udalak hartuko zuen jarrera, eta informatuta izango gintuztela adierazi ziguten”.
Ehorzketa enpresako kideak azaldu du hurrengo bilera urtarrilaren 25ean egin zutela, eta bertan entregatu ziela udalak egun bat lehenago (urtarrilaren 24an) indarrean jarritako dekretua” Enpresak adierazi du ez dagoela ados dekretuak planteatzen duen ordutegiarekin. “Enpresa pribatu baten gain utzi nahi dira udalari dagozkion gastu batzuk”. Larrazek adierazi du hileta-osasunaren araudiak zehazten duela hilotzak biltzeko aretoa egongo dela 5.000 biztanle baino gehiago dituzten udalerri guztietan.
Asteburuetan zerbitzurik ez
Aiaraldeko herri guztietan egiten du lan Larrazek. “Lurperatzeak ekitaldi erlijiosoen ostean egiten dira Amurrion, Okondon, Urduñan, Orozkon, Aiaran eta Artziniegan, asteko egun guztietan”, adierazi du enpresaren arduradunak, “udalerri horiek dituzten baliabideak Laudiokoak dituenak baino askoz murritzagoak dira, gainera”.
Asteburuetan zerbitzurik ez egotea ere kritikatu du Larrazek. “Gure enpresarentzat eta familientzat beharrezkoa da udaleko ordezkaria egotea. Ez da posible ostiraletik astelehenera arte ez egotea inor gertatu daitezkeen intzidentziei aurre egiteko. Jendeak ez du noiz hilko den erabakitzen”.