Laudioko Udalak ez dio helegitea aurkeztuko amiantoagatik hildako Kepa Galdosen familiaren aldeko epaiari. Hala jakinarazi dute udal-gobernuko kideek gaur goizean eginiko prentsaurrekoan.
Jon Ander Altubek adierazi du “positiboki” baloratzen dutela sententzia, orain arte ez zegoen “oinarri juridiko bat zehazten duelako”.
Alkateordeak azaldu du bide administratibotik joanda ez zela posible bere garaian gobernu batzordean hartu zen erabakitik harago joatea, eta udal osoko bilkurari ere ez zegokiola kalte ordainen zenbatekoa zehaztea.
Hori dela eta, epaia irmoa izatea erraztuko du udal-gobernuak, “dagokion terminoetan aplikatuta”.
133.806 euroko kalte-ordaina
Epaiak zehazten du udalak 133.806 euro eman beharko dizkiola amiantoagatik hildako Kepa Galdos langilearen familiari. Sententziak frogatutzat eman du Kepa Galdosek amiantoa maneiatu zuela Laudioko Udalarentzat lanean egon zen urteetan, baita ez zuela inolako babes-neurri edota informaziorik jaso ere.
Omnia: "Denborak bakoitza bere lekuan jarri du"
Omniak oharra plazaratu du gaiari buruz. Udal talde politikoak bere babesa helarazi nahi izan dio Kepa Galdosen familiari, eta gogor kritikatu du Udal Gobernuak prozesu osoan zehar izan duen jarrera. “Ez dira gai izan enpatia izan eta udal gisa zuten erantzukizuna euren gain hartzeko”. Hori dela eta, udalak orain eman beharko duen diru kopurua “askoz handiagoa” izango dela salatu du Omniak, “denon artean ordainduko duguna”.
Udal taldetik azpimarratu dute “familia beti egon dela akordio batera iristeko prest” eta udalaren jarrera “multinazional baten tankerakoa” izan dela. “Familia defendatu eta babesteagatik mota askotako irainak jasan behar izan ditugu”, adierazi dute Omniatik, baina gaineratu dute “denborak bakoitza bere lekuan jarri duela”.