Nola bururatu zitzaizun berakatz zopazko kroketak egiteko makina egitea?
Agate Deuna kofradiatik deitu ninduten duela zenbait urte, bazkari bat prestatzea eskatuz. Berakatz zopa sobratu zen bazkarian eta etxera eraman nuen. Buruari buelta batzuk eman ostean otu zitzaidan sopa horrekin kroketak egitea. Makina diseinatu eta behar nituen piezak lortu nituen lagun batzuen bidez. Horrela egin nuen aparailua. 24 ordu behar izaten ditu 20 kroketa egiteko. Oso elektrizitate gutxi kontsumitzen du.
Zer nolako harrera izan dute kroketek?
Ona. Jende asko etorri da kroketak dastatzera, toki askotatik. Batzuek diote makina ez dela existitzen, baina kroketak oraindik probatu ez dituztelako diote hori.
Ez duzu asmakizuna patentatzeko asmorik?
Ez, gordeta dut. Jende askok esan dit erregistroan sartzeko, baina modu horretan beste batek antzeko bat fabrikatu dezake zurean oinarrituta. Ez naiz honetaz bizi. Janaria lasai prestatzea eta bazkaltzera geratzen diren pertsonekin hitz egitea, hori da sukaldaritzatik niri gustatzen zaidana.
"Janaria lasai prestatzea eta bazkaltzera geratzen diren pertsonekin hitz egitea, hori da sukaldaritzatik niri gustatzen zaidana"
Sukalki txapelduna ere izan zara. Zein da puntako platerak prestatzeko sekretua?
Denbora izatea da garrantzitsuena. Patxadaz prestatu behar dira jakiak. Ezin da 11:00etan kozinatzen hasi 13:00etan jaten hasteko asmoarekin.
Epaile gisa aritu zara hainbat txapelketetan. Zaila da ehunka plateren artean onena zein den zehaztea?
Ez, nahiko erraza da. Plateraren presentziak asko egiten du. Jende asko gaupasaz doa lehiaketetara, ondo pasatzeko asmoarekin. Inportantea da hori, ondo pasatzea kulturaren parte delako. Baina badaude baita ere lehiatzeko asmoarekin bertaratutakoak, goiz jaikitzen direnak eta sukaldaritzako ekipo batekin doazenak. Horiek dira irabaziko dutenak.
Nondik datorkizu sukaldaritzarekiko zaletasuna?
Amarengandik. Oraindik bizi da, 92 urte ditu. Hankak, bakalaoa, barraskiloak... primeran egiten zituen. Berarengandik ikasi nuen. Jatetxe moderno askotako menuak ikusita, konturatzen zara hobeak zirela amak prestatzen zituen jakiak plater horiek guzti horiek baino.