Laudioko EAJren udal-taldeak prentsa oharra bidali du Zubiko Etxeko parkeko obrak direla eta. Alderdi Jeltzaleko kideek adierazi dute Zubiko Etxeko obrak egiten dagoen enpresari zigor espedientea aplikatzea aztertzen ari dela Udala.
Udal-Gobernutik baieztatu egin dute informazio hori. Jonander Altube alkateordeak azaldu du obra amaitzeko bi denbora luzapen eman zaizkiola enpresari. “Otsailaren 10ean amaitu zen bigarren luzapena”, adierazi du Altubek, “enpresak hirugarren luzapen bat eskatu du, baina ez zaio emango”. Horren ordez “zigor espedientea” aplikatuko zaio, atzeratzen den egun bakoitzeko diru kopuru bat kenduaz. “Obra ordaintzerako orduan kopuru hori kenduko zaio aurrekontuari, atzeratutako egunengatik biderkatuta”.
Martxoaren erdialderako amaitua
Udaletik aurreikusi dute obra martxoaren erdialderako amaitua egongo dela. EAJren udal-taldeak, bere aldetik, gogorarazi du parkearen egokitzapen proiektua berari esker gauzatu dela, “2016 urterako EH Bildurekin erdietsitako aurrekontu-akordioetan aintzat hartu eta gero”.