Laudioko Igeriketa Kluba, ur handitan murgiltzeko prest

Txabi Alvarado Bañares 2017ko ots. 23a, 07:30

Laudioko Eskolarteko Igeriketa Txapelketa egin zen urtarrilean. Argazkia: Laudioko Igeriketa Kluba

Txapelketaz txapelketa dabiltza Laudioko Igeriketa Klubeko kideak. Iragan asteburuan Arabakoan egon ziren, eta asteburu honetan Irun eta Iruñeara joango dira, Euskal Herrikora. Espainiako Txapelketa izango dute helburu.

Hasi da txapelketen denboraldia Laudioko Igeriketa Klubeko kideentzat. Iragan asteburuan Arabako Txapelketan aritu ziren klubeko igerilari federatuak, eta hainbat marka erdietsi zituzten. Iraia Andinok eta Beñat Gutierrezek 4. eta 3. postuak lortu zituzten, hurrenez hurren, infantil kategorian. Gazteen kategoria absolutuan, aldiz, Asier Sanchez bigarren geratu zen  eta Mikel Lopez hirugarren.

Asteburu honetan beste zita bat  dute igerilariek: Euskal Herriko Neguko Txapelketa. Iruñeara joango dira Klubeko bost kide (Zugaitz Ortiz, Asier Sanchez, Ainhoa Ugarriza, Iraitz Duarte eta Mikel Lopez), junior-absolutu kategorian lehiatzera. Beste bi igerilari (Beñat Gutierrez eta Iraia Andino) Irunean arituko dira, infantil kategorian.

Badituzte beste erronka batzuk ere. Beñat Gutierrez, adibidez, Espainiako Txapelketan arituko da, 400 metro libretako kategorian. “Ez dut helburu zehatzik, baina saiatuko naiz marka ona lortzen”, adierazi du igerilari laudioarrak.

Arabako Txapelketan lehiatu ziren iragan asteburuan, eta honetan Euskal Herriko Txapelketan arituko dira


Denboraren aurka lehian
Iraia Andino, bere aldetik, Udako Espainiako Txapelketa du helburu, baina bertara joateko bere marka bost segundotan hobetu behar du. “2,21 minutukoa da nire marka, baina 2,16ra iritsi behar naiz”. Hori da igerilarien aurkari handiena: denbora. Ondo daki hori Iraitz Duartek. Ezingo da lehiatu Euskal Herriko Txapelketan 200 metro krol kategorian, segundo batera geratu delako. Hala ere, aukera izango du 1.500 eta 400 metro krol eta 200 metro estilo librean kategorietan aritzeko.

102  kidek osatzen dute guztira Laudioko Igeriketa Kluba. Eskolarteko kategorian aritzen dira horietako 42. Beste zazpi federatuak dira, eta arestian aipatutako norgehiagoketan aritzen dira. Lanegun guztietan dituzte entrenamenduak, eta astelehenetan saio estra bat egiten dute arratsaldez, ariketa fisikoa egiteko igerilekutik kanpo.

Goizeko seietan entrenatzen dute igerilari federatuek, arratsaldez ez dagoelako espazio nahikoa igerilekuan


Espazio gehiagoren beharra
Goizeko 05:30ean esnatu egiten dira egunero (astelehenik ostiralera) klubeko igerilari federatuak, seietan igerileku barruan egoteko. Ordu horretan entrenatu behar dute, arratsaldez ez dagoelako espaziorik igerilekuan. “Esfortzu handia egin behar da horretarako, eta zaila da jarraikortasun mantentzea”, adierazi du klubeko entrenatzailea de Iraia Escandonek.

Klubeko zuzendariek ere azpimarratu dute espazio falta dagoela. “50 pertsonako itxaron zerrenda dugu datorren denboraldirako, ezin dugu jende gehiago jaso taldean”. Klubetik azaldu dute asko eskertzen dutela udalaren prestutasuna, “baina ez da nahikoa, oso txiki geratzen zaigu espazioa”. Hori dela eta, kiroldegi berri baten beharra dagoela aldarrikatu dute.

“Unibertsitatean hasten den jendeak taldea utzi behar izaten du, ezin delako bertaratu goizeko ordutegian”, azaldu du Escandonek. Hala ere, entrenatzailea pozik dago federatuen taldeak lortuta emaitzekin: “Zazpi dira, eta zazpiek lortu du Euskal Herriko Txapelketan aritzeko txartela”.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide